EBZko Gobernu Kontseiluaren «segurtasuna», herritarren oinarri-oinarrizko eskubideen gainetik
Milaka mosso d'esquadra, guardia zibil eta espainiar poliziak... hartu dute Bartzelona, gaur Arts hotelean Europako Banku Zentraleko (EBZ) Gobernu Kontseiluak egingo duen bilera dela-eta. Segurtasun neurriak joan den larunbatetik Pirinioetako mugan Schengengo Hitzarmena eteteraino iritsi dira; alegia, hitzarmen hori sinatu zuten estatuetako pertsonen joan-etorri librea egunotan ez dago bermatuta Estatu espainolera sartu nahi dutenentzat. EBZren bilerak, aurreikusita dagoenez, ez du ezustekorik emango, eta orain arteko herstura politikei eutsiko die; hala ere, dagoeneko irudi esanguratsu bezain arbuiagarria osatu dute Bartzelonan: sistema neoliberalaren zerbitzuko organismoen kudeatzaileen segurtasuna bermatzeko eta haien aurkako protestak saihesteko hartu dituzten neurriak herritarren eskubideei gailendu zaizkie. Herritar gehienak segurtasun ekonomiko eta sozialik gabe utzi dituen sistemaren kudeatzaileak «babesteko» neurriak kaleetan zehar nahierara pasieran ibiltzea bezalako oinarri-oinarrizko jarduerak ere oztopatzeraino iritsi dira. Esanguratsua, inondik ere: luxuzko hotel batean, 23 lagun; eta kaleetan, haiek herritarrengandik babesteko, milaka polizia.