«Hazi Hezi»: Haurren heziketarako tresna berria kalean da
Hiruhilabetekari berri honek heziketarako tresna baliotsua ez ezik, euskal eredu propio berri bat sustatzeko zutabea ere izan nahi du. Hik Hasi, Irrien Lagunak Kluba eta Guraso.com egitasmoen elkarlanak sortua da.Alvaro HILARIO | BILBO
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten, atzo, haurren heziketarako zein garapen integralerako tresna berria izan nahi duen aldizkari berria, «Hazi Hezi». Euskal Herrian pentsatua eta sortua den aldizkari hau etxeko komunitate osoari zuzenduta dago: irakasleentzako tresnak eraikita, hutsunea ikusi zuten zeregin honetan funtsezkoa den etxeko eremuan. Hik Hasi, Irrien Lagunak Kluba eta Guraso.com egitasmoek bultzatuta, Sortzen Ikasbatuazen eta BIGE guraso elkartearen sostengua jaso du proiektu berri honek.
«Hazi Hezi» aldizkariaren helburuak azalduz, Sortzen Ikasbatuaz taldeko ordezkari Aitziber Larreak «haur bat heztea tribu osoaren beharra» dela adierazi zuen; hau da, tresna hau etxekoentzat egina dugu, etxea komunitate edo tribu gisa hartuta, non gurasoak, aitona-amonak, izebak, zaintzaileak eta haurrideak dauden. Azken batean, haurraren heziketa guztion ardura delako.
Helburuak eta edukiak
Aldizkariak haurrak bere nortasuna gara dezan, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen lagundu nahi du, baita hezteko euskal eredu berri bat sostengatzeko ere.
Haurraren garapen kognitibo, psikologiko, emozional eta fisikoari buruzko teoriak azaltzetik harago, esperientzia errealak izango dira hiruhilabetekariaren bizkarrezurra, familien esperientziak, aholkularienak, irakasleenak edota adituenak. Bizipen horietatik ateratako estrategiak, erantzunak eta ereduak aurkeztuko ditu.
Helburuak asetzeko umeopata, psikomotrizista, ginekologo, homeopata, hezitzaile, osteopata, sexologo, irakasle, pediatra, psikologo eta beste hainbat profesional batzen dituen zerrenda luzea osatu dute «Hazi Hezi»-koek aholkulari taldearentzat.
Aldizkariak berak hainbat atal dakartza: albiste laburrak; senitartekoek eduki ahal dituzten zalantzak argitzeko psikologoen eta psikopedagogoen ardurapeko aholku-saila; monografiko moduko «Gai Nagusia»; elkarrizketak; eztabaidarako gaiak; jolasak; eta sormenari begira eginiko atala.
Harpidetzak
«Hazi Hezi» aldizkaria Elkar argitaletxean eta bere sareko liburu-dendetan eskura daitekeen arren, harpidetza da aldizkaria jasotzeko bide nagusia, baita proiektuari laguntza ematekoa ere. Urtean lau zenbaki argitaratuko dituzte eta urteko harpidetzaren truke 20 euro ordaindu beharko dira. Hik Hasiren webgunean (www.hikhasi.com) bertan egin daiteke harpidetza.
Hik Hasi egitasmoa 1995ean sortu zuen irakasle talde batek, euskal hezkuntzaren partaide diren guztien informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izan nahian. Ezaugarri hauek hartu zituen abiapuntutzat: euskalduna, nazionala, hezkuntza komunitateko partaide guztiena, irekia, bateratzailea eta plurala. Hori guztia lortzeko, hainbat proiektu gauzatu dira: «Hik Hasi» aldizkaria, esaterako.