GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren liburuak

Musikari buruz idatzi ez diren liburuen izenburuak izan daitezke. Proposizio bitxi bezain jainkotiarra (?) osa dezakegu. Hona: musika toki guztietan dago, guztiaren gainetik dago, dena baldintza dezake, ahalguztiduna da eta menpekotasuna diogu. Hemen zerrenda hipotetiko hori: Nola pentsatu musikan? Pentsatu filosofikoki musika. Musikaren filosofiari buruzko gogoetak. Musika manifestua. Musikaren atzeko sukaldea. Musikaren fetitxismoa. Bizitza musikarik gabe. Musikaren salneurri duina. Duintasuna musikarekin. Makina musikariak. Zergatik musika? Musika entzuteko eskubidea. Gezurrezko musikaren zutabeak. Gezurra eta iruzurra estaltzeko doinuak. Musikaren erlijioak. Gizartea musika-estatuaren kontra. Musikaren miseriak. Musika besterenezina. Gu, musikaren amaiera desiratzen ez dugunok. Morrontza onartuaren musikak. Musikaren kartografia. Musikarien trajediak. Norbanakoaren iraultza musikala. Doinuen krimenak. Giza zapalketaren musikak. Musikaren sistema kontrajarriak. Musikaren balioa agortzeko zorian. Musika eta arrazoi ekonomikoak. Musika industrialak. Industriaren musikak. Doinuak industriarako. Mitomania musikaren erraietan. Singleak itoko du musikaren oinarria. Garra erritmoetan. Drogak musika egituretan. Baxuaren kultura. Kolpearen denbora musikan. Musika ulertezinak. Musikaren arkeologia. Musikaren heriotza. Eroaren melodia klasikoak. Sexua egiteko doinuak. Sua, kantuetan beroa. Musikaren liluragarritasuna. Nahikoa dugu musikarekin. Musika ixilak. Musika, politika eta masa zapalketa. Musika, gatazka eta anomia. Ixildu musika hori. Bolumena? Eman bolumena.