GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitziber Martinez de Lagos | Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzaile orokorra

Erantzun garaia gainditu, hezkuntza sistema propioa

Hezkuntza askatzaile batek, ezinbestean, jendartea aldatzeko proposamena dauka bere baitan, hezkuntzaren bidez jendarte bidezkoagoa eraiki daitekeenaren uste positiboa

Ez gaitzatela engainatu, krisi ekonomiko baten aurrean baino, bizimodu era oso baten krisiaz hitz egin beharrean gaude. Jendarte egitura oso baten krisia da, sistema oso baten krisia, bere topea aurkitu duena: eredu neoliberal-kapitalista-patriarkarraren krisia. Eta sistema horren biziraupenean tematuta dauden horiek badituzte hainbat bitarteko.

Instituzioek bultzatutako sozializazioak, pertsonak sistema konkretu batean barneratu eta egokitzen ditu. Horrela egiten dute hezkuntza araututik ere, beste instituzio bat bezala hartuta, pertsonak, beraiek nahi bezala sozializatzen dituzte, sistemaren beharretara egokituz, jendarte eredu horren arau eta betebeharrak barneratzeko. Sistema ekonomiko eta sozial hau sostengatzeko eta kontsumitzeko heziz, horrela hiritar berrien asimilazioa lortuz. Horrela, hezkuntzak, gaur egun indarrean dagoen sistema patriarkal eta neoliberalaren baloreak erreproduzitu eta transmititu egiten ditu, horretarako merkatuak bideratuta, behar dituen mekanismoak martxan jarriz. Eta horri erantzuten diete azkenaldian izan ditugun inposaturiko hezkuntza erreforma, dekretu amaigabeek.

Baina XXI. mendeko hezkuntza beharrei heldu nahi badiegu, dugunetik ezin gaitezke abiatu. Esaldi batek ondo dio: «XX. mendeko irakasleekin gabiltza, XXI. mendeko ikasleei XIX. mendeko hezkuntza-erakundeetan irakasten saiatuz». Beraz, oinarrian hezkuntza nola ulertzen dugun dago. Zein dugu hezkuntzaren xede?

Egoera berrietara egokitzeko, herri honen hezkuntza sistemaren beraren birdefinizio oso bat abian jarri beharra dago. Hezkuntza herritarren beharretara egokitzea xede izango duen hausnarketa orokor bat. Horretarako, oinarrizko ideia batetik abiatu beharko ginateke: hezkuntzak, sozializazio bitartekoa izateaz gain, eraldaketarako bitarteko bilakatu behar du.

Jendarte garatuago eta justuago bat lortu nahi badugu, hezkuntzak egungo errealitateari ikuspegi kritiko batetik so egin behar dio. Hezkuntzak herritarrei baliabideak eman behar dizkie, eta ez soilik egungo errealitatean ahalik eta hobekien moldatzeko beharrezkoak izango dituen baliabideak. Hezkuntza askatzaile batek, ezinbestean, jendartea aldatzeko proposamena dauka bere baitan, hezkuntzaren bidez jendarte bidezkoagoa eraiki daitekeenaren uste positiboa. Euskal Curriculumak hain zuzen, hori du oinarri. Biharko jendarteaz ari gara, pertsona ororen eskubideak eta aukera berdintasuna bermatuko dituen bidezko jendartea. Aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen lagundu beharko du, behar handiena duenari laguntza handiena eskainiz, ahalik eta jendarte kohesionatuena eta inklusiboena lortzeko bidean. Horregatik, hezkuntzak lehentasun sozial eta politikoa izan behar du, eta beharrezkoak dituen baliabide eta inbertsioak jaso behar ditu.

Identitatearen eraikuntzari arreta berezia eskaini beharko genioke hezkuntzatik. Kontzienteki egiten den prozesu hezitzailea izan behar da. Errespetuzko pedagogia pertsonalizatua eta esanguratsua lagungarriak dira heziketa prozesuan, etorkizuneko herritarren garapen integrala lortze bidean. Heziguneek menpeko erlazioak baztertu, eta eskubide berdintasunaren balioa sustatu beharko lukete. Ikasle mota guztiak onartuz, eta hauen integrazioa bultzatuz. Hezkuntza behar bereziak (fisikoa, psikikoa, egokitzekoa, hizkuntzakoa...) dituzten ikasleei era egokian erantzunez, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesua errespetatuz. Pedagogia ikertzailea eta zientifikoa bultzatuz, eskubide berdintasunaren balioa sustatuz, ikasleen behar afektiboa eta emozionala kontuan hartuz, helburu ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak lortuz...

Agerikoa da, ikasleekiko zenbat eta arreta indibidualizatuagoa izan, emaitzak hobeak direla. Horretarako ratioak jaistea ezinbestekoa da. Zer esanik ez euskararen normalizazioa lortze bidean hezkuntzak egin dezakeen ekarpenaren bidetik. Egoera diglosiko baten aurrean, arreta berezia eskaini beharko diogu hizkuntza alorrari. Orain arte helburuak betetzen ez badira, nola egingo dugu ratioak handituz, taldea homogeneizatuz, hezkuntza kalitatea txikituz? Euskaratik abiatutako den eleaniztasuna bultzatzeko beharrezkoa da ikasleei arreta berezia eskaini eta egoera bakoitza aztertzea, eta ikaslearen garapenari begirako egokitzapenak egitea. Horretarako, euskalgintzatik azpimarratu, eta Kontseiluaren «Ikasle euskaldun eleanitzak» proposamenak barnebiltzen duen bezala, ratioak jaistea jarraipen eta egokitzapen pertsonalizatuagoak egiteko berebizikoa dugu.

Hezkuntzaren unibertsalizazioan eta ekitatean eman diren pausuetan ezin dugu atzera egin, hezkuntza eskubide unibertsala dugu eta neurri hauekin, elite bakar batentzako soilik izango da berriro ere. Irakasleek lan baldintza egokiak izan behar dituzte beraien jardunean, hauen eginkizuna funtsezkoa baita etorkizunean herri batek izango duen garapenerako. Kalitatezko hezkuntza batek ziurtatuko du etorkizunean herri batek, sistema oso batek krisirik ez izatea. Are eta gehiago, hezkuntza jendarte osoaren betebeharra dela onartu behar dugu.

Hausnarketa horretatik abiatuta, modu kontzientean emanez ekin ahalko diogu bideari. Errotik aldatuz. Edo aldatuz baino, berria eraikiz. Sekula baino gehiago izan beharko du daukagun hori gainditzera bideratutako hezkuntza eredua.

Guzti honetarako, hezkuntza mugimendua, hezkuntza sistema propio baten alde artikulatu beharko litzateke. Horretarako hezkuntza mugimenduaren atomizazioarekin amaitu eta batzen gaituenaren bidean pausu bateratuak eman beharko genituzke. Herri bezala erantzun eta eraiki behar dugu. Orain dugu unea. Ezinbestekoa dugu, hezkuntza eredu propio bat sortu, eta erantzun tinko eta bateratu bat ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo