GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ondora eta barrura begira

Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dela dio esaerak. Zaila da, izan ere, inori desio ez diozun hori zure baitan antzemate hutsa. Errazagoa zaigu izan badela onartu baina gure errealitatetik kanpora kokatzea; «bada, baina hemen gertuan ez». Arazoa besteen baitan kokatzen saiatzen gara, horrek jaten ematen diola jakin badakigu ere; baina nola begiratu besteak begiratzeko erabiltzen ditugun begi zorrotzez gure inguru eta barrunbera, saiakera horretan minik hartu gabe?

Emakumeok jasaten dugun indarkeriari buruz ari natzaizue, kolpe eta masailekoez harago ere badoan arazo horretaz; baina, aldi berean, kolpe eta masailekoen bortizkeriaren eta muturreko jarreren baitan lauso ezkutatzen den horretaz. Pasa den astean kaleratu zuen Lakuako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak «Indarkeria matxista emakumeen aurka EAEn: pertzepzioa, eragina eta segurtasuna» izenburupeko txostena. Agian, ez du ez genekien ezer azaldu, jakin bai bagenekien asko direla batera edo bestera indarkeria jasan duten emakumeak; hainbeste, nahita ere ezin ditugula denak gure errealitatetik urrun kokatu; matematikoki ezinezkoa da. Zenbakiez harago, ordea, indarkeriaren gaineko pertzeptzioetan jarri du arreta txosten honek eta «makro eragina» duten «mikromatxismoak» aztertu ditu, eskuak eta burua kolpatu ez, baina lotzen dituen horretan, hain zuzen ere.

Batera eta bestera esan digute erne egoteko, zantzuak atzemateko, baina nola, begiak kanpora begiratzeko baino zabaltzen ez baditugu edo zertan erreparatu behar den ondo ez badakigu? Txostenak dio emakume askok ez dugula mespretxua indarkeriatzat hartzen, ez eta kontrola, isolamendua edota mehatxua ere; hangoen masaileko eta kolpeen azpian geratzen dira ezkutatuta horiek askoren begietara. Begiratzen ikasi behar da, begiratzen eta ikusten, betaurrekoak jantzita horretarako premia duenak, haiek gabe beharrik ez duenak, baina, azken batean, begiratu urrutira, eta begirada berarekin ondora, aurrera eta atzera; eta, noski, barrura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo