GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Zergatik isildu

Botereak, baina, beti du arrazoia, eta enbatak ekaitza ekartzen duen legez, estatu arrazoiak bere logika errepresiboa ekartzen du. Nik, estatu arrazoi horren aurrean, arrazoi poetikoak baino ez nituen ekarri nahi gaurkoan

Zergatik egon isilik, zergatik ezkutatu denbora gehiegiz hain nabarmen dagoena», idatzi du Gunter Grass idazleak «Esan beharrekoa» poema luze bezain mamitsuan. Bertan, autoreak Israelen politika nuklearra salatzen du, eta, noski, hautsak harrotu ditu bazterretan.

Poemaren hariari jarraiki, gurean ere bada denbora gehiegiz hain nabarmena den egoera ezkutatzen saiatzen direnak, baina errealitateak, aparrak legez, ur gainera egiten du ezinbestean. Izan ere, azken gertaeren sekuentzia txiki bat egitea aski da bizi dugun egoera kafkiarraz jabe gaitezen. Garai berrietara egokitu nahi ez duen botereak bere gihar polizial eta judizial guztia erakusten dihardu. Temoso dabil, doktrina eta gomazko piloten artean, epaiketa politikoen esperpento azkengabean edo espainiar armadaren eskutik irabazleen memoria historikoa Intxorta aldean erakusten. Hartara edo hortara, beti ari da berean. Nafarrateren eta Cabacasen kasuak indar erakustaldi horren gertaera lazgarrienak baino ez dira izan. Estatu polizialak ez baitaki bestela egiten. Bere izateko eran txertatua dago indarkeria eta orain Aresen soldadu diren ertzainek ere (esateko era da) hala jarraitzen dute.

Ez omen dira txakurrak, zipaioak; kriminalizatuak sentitzen direla ere badiote, baina aspaldi ikasi genuen Hertzainak taldearekin «odolaren usaina, biolentziaren erresumena» direla.

Zergatik egon isilik, beraz, Cabacasen hilketaren aurrean? Non gorde dira Gandhiren jarraitzaileak? Non instituzio atarietan egiten ziren elkarretaratzeak? Isiltzen denak ez al du ametitzen? Ez dezagun, ordea, afera politizatu, horrelakoak gertatu egiten dira eta kito. Estatu polizialaren makineria astunak aurrera jarraitu beharra dauka, kosta ahala kosta. Agian, Rafael Videla diktadoreak deklaratu duen gisan, jendarte kaotikoa diziplinatu nahi dute eta gu ez gara konturatu.

Zergatik egon isilik, Azkunak esan legez, dena eredu kontua baita. Poliziak -ulertzekoa da- ez du maite Kukutza gaztetxekoen jendarte eredua; ez ditu maite ikasleak, ez eta langileak ere; ez du gogoko preso eta iheslariek elkartasuna jaso dezaten, ez eta sistema eredu hau hankaz gora jarri nahi duen jende oro. Horregatik oldartzen dira. Nagusiek ausiki egiteko agintzen baitie. Batzuetan soka motzean edukitzen dituzte; bestetan, soka luzeagoan libreago dabiltza eta haginkadak bortitzagoak izaten dira, larriagoak.

Zergatik isildu, Europako polizia dentsitate handiena dugun herri honetan si vis pacem para bellum logikan bizi bagara oraindik? Tamalez, ezer gutxi espero daiteke bonbaketen 75. urtemugan egia aitortzeko ausardiarik gabe edo Guardia Zibilarekin zein Poliziarekin fede itsua duen gobernu batengandik. Nahiz eta bide poliziala lehenesteak ahultasun politikoa ageriago jartzen duen.

Botereak, baina, beti du arrazoia, eta enbatak ekaitza ekartzen duen legez, estatu arrazoiak bere logika errepresiboa ekartzen du. Nik, estatu arrazoi horren aurrean, arrazoi poetikoak baino ez nituen ekarri nahi gaurkoan, legearen inpunitatean armaturik dabilenari poesia etorkizunez kargatutako arma dela iradoki nahirik.

Baina gustatzen ote zaio poesia poliziari?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo