Zinemaldiaren babesle ofiziala izanen da Gas Natural Fenosa
Gas Natural Fenosa Donostiako Zinemaldiaren babesle ofiziala izanen da, TVErekin batera, eta garai zail honetan ekarpen handia eginen diote hala batak bertzeari. Krisi sasoian harrigarria eman dezake, baina Jose Luis Rebordinosek berretsi egin zuen aurrekontua handitzea dela jaialdiaren bokazioa, «kostua baino handiagoa delako sortzen duen aberastasuna».Maider IANTZI | DONOSTIA
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Jordi Garcia Tabernero Gas Natural Fenosako Komunikazio arduraduna pozarren agertu ziren atzo, elkarlanerako ituna sinatzean. Victoria Eugenia antzokian atera zuten argazki sinbolikoa, eta aurrerantzean energia enpresa zinema jaialdiaren babesle ofizial izanen dela jakinarazi zuten. Bi babesle ofizial izanen ditu, hortaz: Television Espańola eta Gas Natural Fenosa.
Konpainiakoek ez zuten zehaztu zenbat diru jarri duten, baina «asko» dela baieztatu zuten. «Inbertsio inportantea da guretzat», erran zuen Garcia Tabernerok, «eta ekarpen handia Zinemaldiarentzat», erantsi zuen Rebordinosek. Honek azaldu zuen aurrekontua handitzea dutela bokazio, onura ekonomiko handia ekartzen duelako jaialdiak, «instituzio publikoei kostatzen zaiena baino askoz gehiago», eta halere, azkeneko hamarkadan bere gastatzeko ahalmenaren ia %20 galdu duelako. Zehaztu zuenez, aurten 225.000 euro gutxiago jasoko dituzte erakunde publikoengandik eta «zortea» izan dute murrizketa «txikia» baita.
Laguntzaile pribatu batzuk estu dabiltza eta ezingo dute hitzarmena berritu Zinemaldiarekin, baina berriak ere batu zaizkie. Donostia eta jaialdi hau inbertitzeko leku onak direla eta «enpresentzat irudi ona» direla konbentzituta daudenez, lanean ari dira bereziki finantziazio pribatua eskuratzeko.
Gas Natural Fenosako ordezkariak ere kulturarako laguntza publikoak eskasten ari diren garaiotan babes pribatuak duen balioa nabarmendu zuen, eta hor kokatu zuen multinazionalaren apustua. Donostiako Zinemaldiarekin sinatutako hitzarmenak urte bateko iraupena du; hasitako harremanak jarraitzea nahi dute, ordea: «Maitasunezko pelikula bat bezalakoa izan dadila, luzea eta amaiera zoriontsuarekin», erran zuen Garcia Tabernerok itxaropentsu.
Gelditzeko gogoz
«Ilusio handiz etorri gara Donostiara, eta gelditzeko gogoz», ziurtatu zuen Gas Natural Fenosako Komunikazio zuzendariak. «Merkataritza proiektu bat dugu eta serio egon nahi dugu Euskadin». Urrian beren lehen bezeroen arretarako bulegoa ireki zuten Bilbon eta ia 40.000 bezero dituzte gurean. Gasaren eta elektrizitatearen sektorean liderra den enpresa multinazional honentzat kopuru hori ez da handia, mundu osoan dituen 20 milioi bezeroekin konparatuta, baina indarra egin nahi dute Euskal Herrian lekua irabazteko eta Zinemaldiaren babesle izatea horretarako onuragarria izatea espero dute.
Ez da zinemari laguntza ematen dioten lehendabiziko aldia, lehenagotik ere babesten dituzte zazpigarren artearekin lotutako ekimenak. Bertzeak bertze, Malagako Zinema Jaialdiari laguntzen dio Gas Natural Fenosak, Sitgeseko Fantasiazko Zinemaldiari eta Madrileko Premiere Week jaialdiari ere bai. Estatu espainoleko Cinesa sarearen barrenean dauden 38 areto ere baditu, pelikulak hiru dimentsiotan ikusteko. Areto horiek enpresaren izena daramate.
Zineman, etxean bezala
«En el cine como en casa» (zineman, etxean bezala) kanpainaren barrenean sinatu du enpresak ituna Donostiako Zinemaldiarekin, aurten jada 60 urte beteko dituen jaialdi honek duen izen onak eta nazioarteko izaerak erakarrita. «Kultura, ingurumenarekiko errespetua eta ekintza sozialak babesten ditugu. Zineman, oso eroso sentitzen garen bide bat topatu dugu, arte honek gure marka komunikatzen laguntzen baitigu, eta gure markaren balioak: hurbiltasuna, etxeetako ongizatea...», agertu zuen Jordi Garcia Tabernerok.
Jose Luis Rebordinosek ez zuen ezer iragarri nahi izan datorren irailaren 21etik 29ra eginen den 60. Zinemaldiari buruz, baina jakinarazi zuenez, aste honetan bi aurkezpen eginen dituzte, bat ostegunean, Europaren eta Latinoamerikaren arteko aurreneko koprodukzio foroaren inguruan mintzatzeko, eta bigarrena, ostiralean, kartel irabazleak erakusteko.