GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Greziako hauteskundeen irakurketa argia

Greziako hauteskundeek egoera ekonomiko eta sozial larrira eraman duten neurrien aurkako emaitza argia utzi dute. Hala ere, neurri horiek ezarri eta defenditzen jarraitzen duten alderdiek, Demokrazia Berriak eta PASOKek, murrizketa politikari eusteko kontzentrazio gobernu baten behar gorria aldarrikatu dute. Ez dute erraza izango, ordea, hartarako hirugarren bat behar baitute eta neurri horien aldeko hirugarrena, Ezker Demokratikoa, ez baita haiekin bat egiteko prest agertu. Nolanahi ere, Bruselatik ezarritako politikei eusteko gehiengoa izango lukeen gobernua lortuta ere, ez lukete ezkutatuko igandean Grezian bozkatu zuten herritarren bi herenak balizko gobernu horrek ezarriko lituzkeen politiken aurka agertu direla, eta neurri horiek arbuiatzen dituen ezkerra nabarmen indartuta. Edonola ere, orain arte boterean txandakatu izan diren bi alderdiek jasandako zigor gogorrak kezkatzeko moduko fenomenorik ere utzi du, Urre Koloreko Egunsentia alderdi neonazia indarrez sartu baita Greziako Parlamentura. Alderdi horren sostenguak berretsi egin du Europa osoan eskuineko alderdi tradizionaletako zenbait liderren diskurtsoak, herritarrek jasaten duten egoera latzari lotuta, eskuin muturreko alderdiak indartu dituela, eta Europar Batasunaren norabideak horien jarrera xenofoboa europar batasunaren aurkako jarrerarekin zuritzeko aukera eman diela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo