GARA > Idatzia > Kultura

John Miles Foley ikerlaria hil da, ahozko tradizio konparatiboan aditu nagusia

GARA | DONOSTIA

Bertsozale Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, ahozko tradizio konparatiboan munduko aditu nagusitzat hartzen zen ikerlaria, John Miles Foley, zendu zen AEBetan. 1947an jaio zen Miles Foley, herrialde horretan, eta Massachusettseko Unibertsitatean doktoratu zen. Missouriko Unibertsitatean ahozko tradizioen ikerketa zentroa sortu zuen, eta gaiaren inguruko aldizkari garrantzitsuenetarikoa sortu zuen, «Oral Tradition Journal».

Bere ekarpen nagusia munduko ahozko tradizioen gertakariak ikertzea izan zen, tartean bertsolaritza. 2003an Renoko Ikerguneak antolatutako kongresuan izan zuen bertsolaritzarekin lehen harremana, eta Bertsozale Elkarteak antolatutako «Ahozko Inprobisazioa Munduan» jardunaldietan parte hartu zuen gero. 2005eko Txapelketa Nagusiko finalean ere izan zen eta Argo egitasmoan parte hartu zuen.

Final horri buruzko artikulua idatzi zuen «Oral Tradition Journal»-en, eta munduan bertsolaritzaren berri zabaltzeko asmoarekin, bertsolaritzari buruzko ale berezi bat argitaratu zuen aldizkari horretan.

«Bertsolari» filmean

2009an Txapelketa Nagusiko finalaren aitzakian berriro etorri zen Euskal Herrira eta Asier Altunaren «Bertsolari» lanaren filmaketan parte hartu zuen. Bere azken ikerketan ahozko tradizioaren eta Internet teknologien antzekotasuna aztertzen ari zen, eta hor ere bertsolaritza adibide garrantzitsutzat hartzen zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo