GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

RELEVO EN EL ELÍSEO

Euskal herritarrak, mesfidantzaren eta itxaropenaren uretan kulunkan

Igandeko bozek Errepublikaren buru jarri dute François Hollande; Ipar Euskal Herrian, gainera, tarte handiarekin (Sarkozyk baino 9 puntu gehiago). Eliseo jauregiko kadira hartuko duenak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako aldaketak ekarriko ote dituen dute orain buruan euskal herritar askok. Badira itxaropentsuak eta, jakina, baita eszeptikoak ere.

P006_F01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Presidente berriak, seguru asko, zailtasun handiak izanen ditu iragarritako makroaldaketak egiteko. Alta, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagozkien gaiak aintzat hartuko ote dituen, horixe da orain euskal herritar askok duten zalantza.

Eszeptikoen artean, EHBai koalizio abertzalea. Presidentetzarako bozetan ez du boto kontsignarik eman nahi izan, baina bere poza agertu du bost urtez «Euskal Herriaren kontra aritu den lehendakaria kanporatua» izan delako. Halere, ez du uste Hollandek euskal lurraldeko agenda politikoan dauden auziei irtenbidea emango dionik «mobi- lizazioa eta borroka indartu gabe». Horregatik, etenaldirik egin gabe, ekaineko bozetan «Parisen Euskal Herriko aldarrikapenen bozeramaile» izango diren ordezkariak lortzeko ahaleginean buru-belarri aritzeko asmoa berretsi du.

Fidagaitz azaldu da Bizi! kolektiboa ere. Bere aburuz, Hollanderen programan proposaturiko «neurriak jendartearen premiazko arazoak konpontzeko behar den lanaren eta aberastasunaren partekatze erradikaletik urrun dira».

UMPk eta hautetsi zentrista batzuek (Lasserre senataria, Lassalle diputatua) Asanblea Nazionala berritzeko bozetako erronkari eusteko prest direla jakinarazi dute. Hori bai, oraingoz grina handirik gabe, igandeko emaitzen zartada irensten ari baitira oraindik.

Normala den bezala, baikor agertu direnak PSko hautetsiak dira. Hollandek Ipar Euskal Herriko zenbait eskakizuni erantzungo diola segurtatu du Frantxua Maitia Akitaniako Kontsei- luko lehendakariordeak, Europako Hizkuntz Gutxituen Hitzarmena berretsiko duela eta lurralde antolakuntzan «deszentrali- zazio azkar bat» plantan emango duela gogorarazita.

Haatik, hizkuntzaren gainekoa eta euskal lurraldeen ezagupen ofiziala ez dira, ez, atzoko aldarrikapenak. 1981n François Mitterrandek ere hainbat neurri (hizkuntzen legea eta departamendua sortzea) agindu zituen eskakizun horien inguruan eta, egia esan, itxaropen handia sortu zuen, baita abertzale askoren artean ere. Usteak ustel, ordea.

Eta prozesuari begira, zer?

Mitterrandek presidente kargua lehen aldiz hartu zuelarik, euskal gatazka deiturikoaren ondorio lazgarriak, gainera, bistakoak ziren Ipar Euskal Herrian, besteren artean, errefuxiatuak kanporatzeko edota estraditatzeko Parisek zeraman politikagatik. Hasiera batean, joera hori gelditu bazuen ere eta dekretatu zuen amnistia politikoari esker zenbait euskal militante aske geratu ziren arren, ondoko urteetan eta batez ere 1988an bigarren aldiz hautatu zutelarik, Estatu espainolarekin eskuz esku jardun zuen euskal abertzaletasunaren aurka.

Presidente sozialistaren mandatupean, beraz, ez ziren gauzak konpondu Euskal Herriari dagokionez. Oraingoan bestela gerta daiteke, testuingurua eta egoera ez baitira garai hartakoak. Alta, ikusteke dago presidente berriaren hamaika zereginen artean zenbaterainoko pisua duen afera honek, egungo konponbide prozesuari buruz Hollandek apenas hitz egin baitu. Egindako aipamen apurrak Madrilek eramango duen bidea lagunduko duela esateko izan dira. Gutxi gorabehera, eskuineko hautagaiak egin bezala, nahiz eta Sarkozyk gaia zuzenean hizpide izan zuen martxoaren 1ean Lapurdira egindako bisitan.

Eskuina eta zentroa

Legebiltzarrerako bozen atarian, Estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian ere interesgarria izango da eskuinak eta zentroak bilduko duten boza ikustea. Izan ere, aspaldiko ustea -euskal hautesleen gehiengoak eskuinekoen edo zentristen alde egiten duela, alegia- ere ustel geratu baita.

Bere gorabeherekin, duela hogei bat urte PSk hasitako goranzko joerak hauteskundeetako ohiko panorama irauli egin du. Joera horrek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan -eta, oro har, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan- berezko ezaugarriak izan ditu.

Didier Borotra Biarritzeko auzapez zentristaren esanetan, «fenomeno hori biziki azkartu da azken urteetan, batik bat, hiri-eremuetan». Aspaldian tokiko politikagintzan jarduten duen hautetsiak hainbat arrazoirengatik izan dela uste du.

Egindako hautu politiko desegokiak, (batez ere UMP sortu zenean eskuina eta zentroa bere baitan hartzeko xedea) eta eskuinak zein zentristek beren buruzagi eta hautagaiak berritzen jakin ez izana aipatu ditu, besteren artean.

Barne liskarretan itotzen ez badira, bederen, datozen asteetan, eta zehazkiago ekainaren 10 eta 17an, ikusiko da bi alderdietako hautagaiek burua altxatzen duten eta usadiozko hitzarmenak (bereziki bigarren itzulirako) egiten dituzten ala ez.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo