CAFeko garbiketa langileak greba mugagabean, hitzarmen duin baten alde
Hilabete daramate greban CAFeko garbiketa langileek, lan erreforma onartua izan ostean, One azpikontratatutako enpresak ituna hautsi duela salatzeko eta negoziazio berriei ekiteko exijitzeko.
Iraia OIARZABAL | BEASAIN
Beasaingo CAF enpresa garbitzen duten langileek hilabete daramate greba mugagabean Rajoyren Gobernuak lan erreforma onartu ostean, garbiketa zerbitzua eskaintzen zuen One azpikontratatutako enpresak langileekin abiatutako negoziaketa hautsi zuelako.
Haizea Mendia (LAB) eta Ana Alkorta (ELA) langileen bozeramaileek atzo azaldutakoaren arabera, langileak lan baldintzak hobetzeko hasi ziren enpresarekin negoziatzen. Besteak beste, soldata igoera eta malgutasun txikiagoa eskatzen zioten enpresari.
Mendiaren esanetan, sei hilabeteko negoziaketaren ostean aurrerapausoak ikusten hasi ziren langileak, baina PPren Gobernuak lan erreforma onartu zuenean, Onek negoziaketa mahaia utzi eta mahai gainean jarritako guztia atzera bota zuen. «Gurekin negoziatzeko beharrik ez zeukatela esan ziguten», aitortu zuen LABeko kideak.
Egoera horren aurrean, langileek mobilizazioei ekitea erabaki zuten eta martxoan zortzi greba egun egin zituzten. Mendiak garbi adierazi zuen langileen helburua: negoziazio mahaia berriz martxan jartzea eta akordio batera iristea. Hala ere, martxoko protestek eraginik izan ez zutela ikusita, apirilaren 10ean greba mugagabea hasi zuten.
CAFen «boikota»
Bestalde, gatazka honen aurrean CAFek hartu duen jarrera salatu zuen Alkortak. Langileekin eta sindikatuetako arduradunekin biltzeko inolako borondaterik ez duela agertu nabarmendu zuen, eta hori ez ezik, greba «boikotatzen» aritu dela azaldu zuen. Alkortak adierazi duenez, CAFek kanpoko enpresak kontratatu ditu garbiketa lanak egiteko eta zenbait kasutan CAFeko langile batzuk «mehatxupean» garbiketa lanak egitera behartu dituela gaineratu zuen.
Orain, CAFek garbiketa zerbitzua bi enpresari esleitu die, langileak bi enpresatan banatuz. «Beraien helburua argia izan da, batzordea hautsi eta langileak banantzea», salatu zuen Alkortak. Ildo horretan, mobilizazioei eutsiko dietela ziurtatu zuen eta garbiketa zerbitzuaz arduratzen diren bi enpresekin negoziatzen saiatuko direla. Bihar dira enpresarekin biltzekoak, baina akordio batera iritsi ezean, protestekin jarraituko dute.