Ariane Kamio Kazetaria
Itxarongelan ikasitakoak
Medikuak noiz deituko zain, klinikako itxarongelan, dozena bat emakume eta hiru gizonezko. Bata obuluak emateko programa azaltzen duen liburuxka irakurtzen ari da; besteak erne begiratzen dio horman itsatsita dagoen telebistari -Karlos Arguiñano Antena 3en-; hirugarrenak mediku txostenaren orrialdeen ertzekin dihardu jolasean, egonezinak jota. Hamabost lagunen artean, soilik euskaldun bi.
Alboan marokoar bat. 40 urte ingurukoa. Bakarrik etorri da eta, urduritasunagatik-edo, bere bizitzaren berri eman dio itxarongela osoari. Senarra beste emakume batekin ezkondu zela, han halako eskubideak badituztela, berak Euskal Herrira etortzea erabaki zuela, eta abar.
Parean, emakume frantsesa. Adin antzekoa du honek ere. Bi urteko haurra du altzoan, eta gorriz margotutako ezpainak dituen ama bere ezkerrean. Bigarren aldiz etorri da Paristik Donostiara, egutegi biologikoak hala aginduta.
Luze doa itxaronaldia eta mugikorra aterata, bistadizoa eman diet eguneko albisteei. Obama azalean. «Historian lehenengo aldiz AEBetako presidente batek homosexualen arteko ezkontzen alde hitz egin du». Eraztunari begiratu eta «eskerrak!», pentsatu dut neure gogorako.
Itxarongela husten ari da erizainak pazienteak deitu ahala : Samira Benkiran, Juliette Langlois, Marine Dupont... Arguiñano «enplatatzen» ari denerako egokitu zaigu txanda. Dena ondo ei doa. Gaitzerdi. Bi aste barru itzultzeko agindu digu.
Klinikatik irten aurretik, ezpain gorridun emakumea komuneko atearen aurrean zain dago, bilobarekin jolasean. «Bonne chance!», esan digu aurretik pasatakoan. Bigarren haurraren bila etorri da alaba Donostiara, Estatu frantsesean debekatuta baitute, antza, ezkongabeko emakumeek intseminazioa egitea. Bikote homosexualen kasuan, zer esanik ez.
Obamaren irudia etorri zait burura autoan sartzerakoan eta hauteskunde kiratsa darien aldarrikapenek sumindu naute une batez. Leihoa ireki dut abiatu aurretik; bero dago kanpoan. Bagoaz hirurok etxerantz.