GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gernika berriro suntsituko luketenak

Dooleyren ateraldietan Tokio, Dresden, Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketei egiten zaien goraipamenaren aurrean ere inork ezer arbuiatu ez izanak erakusten du orain ere badaudela halakoak egiteko gai direnak...

Matthew A. Dooley koronelorde estatubatuarra ospetsu egin da, aspalditik esaka ari zena jendaurrean argitaratu delako, besterik gabe. Laburbilduz: Islama, berez eta sortzez, dela erasokorra eta, Dooleyren ustez, AEBen etsai aldakaitza; bide batez, AEBek haren aurkako «erabateko gerra» egiteko prestatu behar luketela, Genevako Konbentzioa eta antzeko huskeriak aintzakotzat hartu gabe. Baita, behar izanez gero, Meka eta Medinako hiri santuak suntsitu eta Arabia gosez akabatzeko planak egin ere. Eta ildo bereko abar luze bat.

Ingurumari hauetan aditu ohi diren antzeko arrandikeriekin zailduta dagoenak pentsa dezake Dooleyren erretolika islamofoboa ez dela horrenbesterainokoa. Baina ñabardura ttipi bat hartu behar da kontuan: Joint Staff Forces College-an hark ematen zuen ikastaroaren mamia dela hori guztia. Eta Dooleyren ikastaroa hautazkoa bazen ere, gogoan eduki beharko da ikastegi horretatik pasatzen direla, ikasle legez, AEBetako (eta aliatu hurbilenetako) armada ezberdinetan goreneraino iritsi nahi duten ofizialak, kapitain eta koronel bitarteko direnean. Gogoz eta jakitez janzteko, teorian. Eta zortzi bat urte zeramatzala Dooley koronelordeak bere ikuspegien hazia alor horretan ereiten, moldakuntza nimiñoak gorabehera.

Hark «irakasten» zuena kaleratu denean, Pentagonoko jaun gorenak -Leon Panetta idazkaria eta Martin Dempsey jenerala, hurrenez hurren- ziztuan atera dira sua amatatzera. Dooleyren ikuspuntuak ez datozela bat AEBko aginte militarraren doktrinarekin eta, bidenabar, hura irakaskuntzatik kanpo ipini dutela (baina Armadatik bota gabe, jakina) jakinarazteko, funtsean. Gaizki-pentsatuenek iradoki dute Osama Bin Ladeni harrapatutako dokumentuen argitaratze txit labur eta hautatua iskanbila honekin zuzenki lotuta dagoela, haietan adierazten dena zuzenki Dooleyren burutazioak ukatzera letorkeelako. Bati bururatzen zaio, edonola ere, honen ateraldietan Arabiari egiten zaizkion aipamenak izango ez balira, ez zela deusik gertatuko.

Izan ere, Dooleyk bere ikasleei aurkezten zien Powerpointa gainbegiratzeko beta eta umorea duenak berehala kausituko du ebidentzia nabarmena: gerra hotzaren garaiko erretolika ber-ber-berbera dela harena, lehen «komunismoa» esaten zen tokian «islama» ipiniz orain. Bi hitz horiek (eta ondoriozko beste bakan batzuk) trukatzeko ariketa eginez gero, Fort Braggen «kontrainsurgentzia» ikastaroetan esaten zenaren kalko hutsarekin egiten du topo batek. Ez dute burua gehiegi berotzen, ez.

Kasualitate hutsez, Gernikaren suntsipenaren 75. urteurrenarekin batera etorri da zalaparta guztia. Noski, inori ez zaio bururatu Dooleyk Meka eta Medinarako teorizatzen duena eta gurean benetan gertatu zena elkarri lotzea; jakintza apur bat ere behar da horretarako. Baina Dooleyren ateraldietan Tokio, Dresden, Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketei egiten zaien goraipamenaren aurrean ere inork ezer arbuiatu ez izanak erakusten du orain ere badaudela halakoak egiteko gai direnak... eta horren aurrean isilik geratuko liratekeenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo