Lider politikoei Aieteko Ituna bultzatzeko eskatuz mezuak igortzera deitu du Lokarrik
Lider politikoei Aieteko Adierazpenean jasotako pausoak eman ditzaten presio egiteko, gutunak eta Twitterreko mezuak igortzeko eskatu die Lokarrik «bake prozesuaren errotzea bultzatzeko prest daudenei».
GARA | DONOSTIA
Lokarrik dei egin die herritarrei ordezkari politikoei gutunak edo Twitterreko mezuak idatz diezazkieten, bakea errotzeko pausoak eman ditzatela eskatzeko.
Lokarrik Aieteko Adierazpena babesteko kanpaina abiarazi zuen joan den apirilaren 19an. Hain zuzen, Donostiako Nazioarteko Konferentzia izan zenetik eta ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik sei hilabetera ekin zion kanpaina horri.
Dagoeneko 5.000 lagunek baino gehiagok eman diote sostengua Aieteko Adierazpenari, agiri horrek indarkeria amaitzeko, maila guztietan izan behar den elkarrizketan (ETA, gobernuak, alderdi politikoak, gizartea, oro har) eta adostasunean oinarritutako bide orri bat proposatzen duela nabarmenduz.
Hauxe dio Lokarrik plazaratutako adierazpenak: «ETAren desarmatze eta desegiteak, Gobernuaren ezezkoak ETArekin harremanetan jartzeko, presoak birgizartaratzeko proposamen berriak edo Eusko Jaurlaritzan abiarazitako ponentziak ezadostasun berriak sortu dituzte. Eztabaida hauek agerian uzten dute modu argi batean elkarrizketa bultzatzeko beharra, oinarrizko adostasunak sortzeko beharra, bake prozesua errotze aldera. Bake prozesuaren `makina-gela' bat abiarazteak lehentasuna izan behar du eta `makina-gela' horretan alderdi guztiek, inor baztertu gabe, esfortzu handi bat egin behar dute bizikidetzaren erronka saihetsezinari aurre egiteko beharrezkoak diren estrategiak koordinatzeko».
Horregatik guztiagatik, Lokarrik Aieteko Adierazpena hedatzeko eta sostenguak biltzeko kanpainaren barruan ekimen berri bat abiarazi du, «bake prozesua errotu dadin bultzatzeko prest dauden pertsona guztiek euren nahia ordezkari politiko nagusiei jakinaraz diezaieten».
Alde batetik, posta elektroniko bidez gutun bat bidaltzeko aukera proposatzen du Lokarrik, «beharrezkoak diren pausoak eman ditzaten eskatuz: Espainiako eta Frantziako gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketak abiatzeko, gatazkaren ondorioak eztabaidatzeko, berraskidetzean aurrera egite aldera eta biktima guztien aitortza lortze aldera neurriak hartzeko eta ordezkari politiko guztien arteko elkarrizketa sustatzeko, gizartearen parte hartzearekin, arazo politikoak eztabaidatzeko».
Bestalde, Twitter bidezko mezuak bidaltzea ere proposatzen du, «bakea errotzeko Aieteko Adierazpenaren edukiak sostengatzeko eskatuz».
Bi aukera horiek www.aiete.org webgunean izango dira erabilgarri, www.aiete.org/eu/idatzi helbidean, zehazki.
Mariano Rajoy, François Hollande, Patxi Lopez, Yolanda Barcina, Iñigo Urkullu, Rufi Etxeberria, Antonio Basagoiti, Roberto Jimenez, Patxi Zabaleta, Peio Urizar, Mikel Arana, Uxue Barkos, Oskar Matute, Jose Miguel Nuin, Jose Navas, Gorka Maneiro eta Nicolas Sarkozy dira mezu horiek jasoko dituztenak.
Lider politikoei pausoak eman ditzatela eskatzeko gutunak eta Twitterreko mezuak bidaltzeko aukera «www.aiete.org/eu/ idatzi» helbidean dago, Lokarrik jakinarazi zuenez.