Rebekah Brooks eta senarra, entzuketen auzian inputatuak
GARA | LONDRES
Rebekah Brooks, News Internationaleko (NI) ordezkari eta aholkulari ohia, eta Charlie Brooks, bere senarra, justizia oztopatzeagatik inputatuko dituztela iragarri zuen bart fiskaltzak, entzuketen eskandaluaren auzia dela-eta.
Rebekah eta Charlie Brooks, Britainia Handiko lehen ministroaren -David Cameron- laguna, martxoan atxilotu zituzten, «News of the World» (NoW) igandekariak eginiko kazetaritza espioitzako kasuekin zerikusia izatea egotzita, baina ondoren aske geratu ziren.
Kazetaria Rupert Murdochen kuttuna zen 2011ko uztailean NIko bere postua utzi zuen arte, ustez «NoW» igandekariaren ustezko entzuketengatik.
Poliziak 2011 hasieran entzuketen kasua abiarazi zuenetik aurkezten diren lehen karguak dira atzo iragarritakoak, eta horien egile izendatuz gero, Rebekah Brooks kazetari boteretsua -«The Sun» tabloide ezagunaren zuzendari ere izan zena- kartzelatua izan liteke.
Senarrarekin batera justizia oztopatu izana egozten diote, ustez, poliziak aurkitu ez zezan NIko bulegoetan zuten material zehatza ezkutatzeagatik.
Brooks senar-emazteen aurka ez ezik, fiskaltzak Cheryl Carter kazetariaren idazkariaren, Mark Hanna NIko segurtasun arduradunaren, Paul Edwards Rebekah Brooksen gidariaren eta Daryl Jorsling NIko segurtasun aholkulariaren aurkako karguak ere aurkeztu zituen. Guztiek kartzela zigorra jaso dezakete.