Presoen aldarrikapenak Zuberoan ere entzungo dira Herriraren bitartez
Herrira mugimenduaren Zuberoako taldea martxan da apirilaren 19tik. Euskal preso politikoen aldarrikapenak defendatzeko eta Euskal Herrian bakea lortzeko erronkan parte hartzeko deia egin zieten zuberotarrei, larunbatean Maulen egin zuten aurkezpenean.
GARA | MAULE
Herrira mugimenduaren Zuberoako taldea martxan da apirilaren 19tik. «Hemen, Xiberoan, antolatu gara eta lan eginen dugu bake prozesuaren absolutuki beharrezko elementu batean, bake prozesuaren azkartzeko: beren engaiamenduarekin Euskal Herriaren nazional eta sozial askatasunean, preso, erbesteratu, deserritu edo xerkaturik diren emazte eta gizonen itzultzea», nabarmendu zuten larunbatean Maulen egin zuten agerraldian Herrirako eledun Aitzina Mazustak eta Joahnne Foirienek.
Egungo 640 euskal presoak gogoan izanik, espetxean hamar urte daramatzan Didier Agerre pagolarraren kasuari arreta berezia eskainiko diote.
Ildo horretatik, Herrirako Zuberoako ordezkariek ekimen honetan parte hartzera dei egin zien zuberotarrei. Hilabeteroko azken ostiraletan, Mauleko Gurutze Zurian elkarretaratzeak egiten dituzte 18.00etan, eta ordubete beranduago, Mauleko Zerbitzuguneko Orri gelan bilera egiten dute.
«Arrazoi politikoengatik atxikirik direnen egoera ezagutzea eta denen axola bilaka dadin nahiko genuke. Euskal Herrian bakea lortzeko desmartxa kolektibo bat da», nabarmendu zuten.
Gauzak horrela, larunbatean Goazen Plazara! ekimenaren barnean Zuberoan ekitaldirik ez badago ere, Mauleko geltokian elkartuko dira 10.30ean, Donibane Garaziko elkarretaratzera joateko.
Honekin batera, maiatzaren 20an Urdiñarben egingo den Musikaren Egunean presoen egoeraren inguruan mahai bat paratuko dute eta, maiatzaren 25ean, hileko azken ostirala izaki, elkarretaratzea egingo dute Mauleko Gurutze Zurian Ion Kepa Parot sostengatzeko.
Goazen Plazara! ekimenaren barnean bi ekitaldi izanen dira Ipar Euskal Herrian: Donibane Lohizunen (11.30ean, Faro ondoan) eta Donibane Garazin (11.30ean, Eliza ondoan). Azken honetan parte hartuko dute zuberotarrek.