GARA > Idatzia > Kultura

Errusiar gaua, ibilbide literarioak eta askoz gehiago, Literaktumen

Maiatzean, inoiz baino gehiago, hitzen hiria izanen da Donostia, Literaktumen 12. edizioa eginen delako. Poesiaren eta literaturaren topaketa da Literaktum, baina diziplina gehiago ere hartzen ditu, musika eta antzerkia adibidez. Hilaren 21etik 31ra, bertzeak bertze, Ramon Saizarbitoriarekin solasean eta Urumea bazterrean poesia adituz gozatzen ahalko da.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Literaturaren inguruan pentsaera kritikoa, hausnarketa eta eztabaida pizteko, hitzen hitzordua antolatu du Donostia Kulturak hurrengo egunetarako. Idazleak ez ezik, musikariak eta aktoreak ere gonbidatu dituzte eta denen artean askotariko ekintzaz betetako jaialdia osatuko dute. Heldu den astelehenetik maiatzaren azken egunera arte, bertzeren artean, Eduardo Galeano, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Javier Muguruza eta Patxi Santamaria etorriko dira literaturarekin gozaraztera.

Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura ordezkariak atzoko aurkezpenean nabarmendu bezala, elkarlanean eta sarean lan egin dute hasieratik eta hamabigarren edizio honetan ere kultur etxeekin eta Deustuko Unibertsitatearekin aritu dira eskuz esku. Euskal Idazleen Elkartearekin sinatu dute hitzarmena eta horri esker haren ekarpenak txertatu dituzte jaialdian.

Ander Iturriotz EIEko lehendakariak adierazi zuen euskal idazleei, produkzio literarioari, argitaletxeei eta bestelako bideei erreparatuz gero, Donostia «Euskal Herriko hiriburua» dela «de facto». Are gehiago, orokorrean euskal literaturari buruz solasean, «azken 30 urteotan eman duen jauzia beste inon ez da eman», eta horretaz kontziente izan behar dugula ohartarazi zuen. Iturriotzek erran zuen Literaktumeko ekitaldiek lagundu eginen dutela hori ikusgarriago egiten.

Ibilbide literarioak

Maiatzaren 26rako ibilbide literario bat prestatu dute hirian barna oinez ibiliz bi emakumeren historia ezagutzeko, Katalina izenekoak biak. Katalina Erauso, Donostiako emakumerik famatuena, eta Katalina Eleizegi, XX. mendeko euskal antzerki giroa eta garaiko bertze gai anitz ezagutzeko aukera emanen duena. Ia lau mendek aldentzen dituzte bi autoreak, baina ibilbide honetan, euren biziak elkartu eta gurutzatzen ikusiko dituzte txangoa egitera animatzen direnek. Arantza Urkia Donostia Kulturako Liburutegien Sareko arduradunak agertu zuenez, lehendabiziko ibilbidea izanen dute eta ilusioz gainezka daude. Josune Muñoz literatura aditua izanen da gidaria, eta Alderdi Ederreko liburutegian izena emateko eskatu du.

Bertze ekitaldi aipagarri batzuk Ramon Saizarbitoriak San Telmon eginen duen «Martutene» bere nobela handiaren aurkezpen-solasaldia; Patxi Santamaria aktoreak eta Nekane Igarza piano-jotzaileak eginen duten «Errusiar gaua» -boltxebikeen iraultzaren garaiak eman zuen emaitza artistiko ikaragarria erakusteko collagea- eta Eduardo Galeanoren «Los hijos de los días»-en aurkezpena dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo