Agur, Eñaut Larralde, Euskal Kantagintza Berriko ahotsa
Eñaut Larralde (Izura 1939), astelehenean zendu zen. Eñaut Etxamendirekin batera Euskal Kantagintza Berriko ordezkari nagusietako bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Engaiamendu politikoa eta musika elkartu zituen. Elizkizunak Izpuran izango dira ostiralean, 17.00etan.Idoia ERASO | BAIONA
«Izugarrizko gustua zuen kantuarekin, bai kantatzeko, bai maitarazteko, eta gure ondotik heldu diren belaunaldiei pasarazteko», azaldu zuen 48 urtez Larralde bidelagun izan zuen Eñaut Etxamendik. Pasio horretara eramaten zuen motibazioa handia zen: «Gogo azkarreko gizona zen, oroz lehen amorratua euskarari buruz eta Euskal Herriari buruz, ez bakarrik kultura aldetik, baita ekonomia aldetik ere, nekazaritza irakaslea baitzen».
Izan ere, musika eta politika artean egin zuen lana nabarmena izan zen. Musikari gisa, Maite Idirin kantariak azaldu zuenez, «beraien estiloa originala zen, bi ahotsetan kantatzen zuten, eta biek ahots ederra zuten, tenorrarena, baina ondo moldatzen ziren, Etxamendik goikoa eta Larraldek behekoa». Gaineratu zuen: «Gure denborako kantariak militanteak ginen, bera irakaslea baitzen lizeoan».
Enbata mugimendu abertzalea sortu zen garaian hitzaldiek baino Euskal Herriarekiko maitasuna zabaltzen zuten kantuek askoz arrakasta handiagoa zutela konturatu zirela esan zuen Etxamendik: «Hori ikusirik, militantziako sukar polita baikenuen, nahi genuen publikoari mintzatzeko kantua baliatu». Abertzaleek bidelagun izan dituzten hainbat kanturen interpretea izan zen: «Joseba Elosegi», «Ariana» eta «Zutik mutil» esaterako. «Yup! La la» izan zuen hizpide Etxamendik: «Ez zen egina publikoan kantatzeko, lagunekin ostatuan baizik. Maite Idirinek beroturik Maulen kantatu genuen eta presioak izan genituen, eskandalagarria zela-eta. Gero Itsasondon kantari bat entzun genuen hori kantatzen eta berriz kantatu genuen».
Gizon gogorra
Larralderen sufrimendua eta indarra ere ezagutu zuten guztien ahotan zen. Manex Pagola artistak horrela esan zuen: «Asko sufritzen zuen, baina ez zen sekula arranguratzen. Borondate handiko pertsona zen». Etxamendi bat etorri zen ideia horrekin: «Bere buruarekin oso gogorra zen gizona, bere ideiak azkar atxikitzen zituena, baina adiskide zoragarria».
Kantugintzan 48 urtez lagun izan duen kidearekin sortu zuten erlazioa horrela definitu zuen: «Hor izan dugu `erromantze' zoragarri bat bezala. Berrogei urtez baino gehiago aritu gara gizona bere itzala bezala, beti elgarrekin». Kanpotik ere ikusten zen lotura, Itxaro Borda idazleak nabarmendu zuenez: «Etxamendi pixka bat alargun sentitu behar da gaur».
Belaunaldi berriekin egiten zuen lanaren erakusle da Itxaro Borda, idazleak berarengan utzi duen aztarna horrela azaldu zuen: «Nire irakaslea izan zen Donapaleuko lizeoan. Bikotea nire lehen «starrak» izan ziren. Gure anaia eta ahizpekin Amikuzeko eszenatoki guztiak kurritu ditugu entzutera joateko. Bikote bikaina zen».
«Goizegi joan zaigu. Artista handia zen, eta proiektuak bagenituen. Bakarka, pianoak lagunduta, kantu enblematikoak eta oraingoak kantatzeko asmoa genuen», azaldu zuen Manex Pagolak. Etxamendi ere iritzi berekoa izan zen: «Ariko ginateke orain, baina ixildu da».
«Musika tresnekin ez ginen ikasiak, eta beraz moda zaharrean aritzen ginen, gure aitzinekoak bezala, belarrirat. Musika eraginak Nafarroako eta Xiberoako musiketatik heldu zitzaizkigun», azaldu zuen Eñaut Etxamendik, Larralderekin osatu zuen ibilbideaz.
«Gizon on bat izan da, jendea eta euskal kultura beti laguntzen, militantzian aritu da beti. Gizon alaia zen, beti kulturari eta politikari buruz mintzatzen. Euskal Herri osoan kantuz aritu ziren. Hegoaldean ere, Franco hil baino lehen ere», esan zuen Maite Idirin kantariak.