GARA > Idatzia > Kultura

Txalapartaren akzioa, erreakzioa eta jolasa, EOSekin bat eginik

Biren arteko jokoa da txalaparta: ordena-desordena, sortu-hautsi... Bi lagunek jotzen dute, baina musikari bakarra direla pentsatzeko moduko konplizitatez. Ivan Fedele konpositoreak Oreka TX taldekoak ikusi zituen Youtuben, eta Euskadiko Orkestrarekin batu ditu obra batean.

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Txalaparta» Ivan Fedele konpositore italiar ezagunak sortutako obra egunotan estreinatuko du EOSek (gaur eta bihar Kursaalen emanen ditu kontzertuak, eta heldu den astean Gasteizen, Iruñean eta Bilbon, guztiak 20.00etan). Lehendabiziko aldiz, Oreka TX-ko kideak arituko dira eurekin bakarlari gisa. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte soka berean egonen dira oraingoan, txalapartari bakarra balira bezala, eta erantzunen dien bigarren txalapartaria Euskadiko Orkestra izanen da.

Txalapartariek atzoko entseguan azaldu zutenez, plazer handia da eurentzat halako maisu eta musikari handiekin eskuz esku aritzea. «Gu beste mundu batetik gatoz eta hemen izateak lan handia ekarri digu. Obra ederra da, luxu bat, baina zaila ere bai», aitortu zuten. Txalapartak badu akzioa, erreakzioa, jolasa, baina segituan konturatu ziren Ivan Fedelek atmosferak sortzen zituela, bigarren planoan gelditzen ziren doinuak, eta anitz baldintzatzen zuen horrek txalaparta jotzeko modua.

Arazo piloari aurre egin beharreko obra izan da «Txalaparta», baina bukaera aldera, detaile guztiak sumatzen hasi direnean «oso harro» sentitu dira.

Gogotik lan egin behar izan dute konpositore italiarraren ideiak egingarri bihurtzeko; batzuetan hala erraten zioten: «Hau fisikoki ezinezkoa da, ez gara iristen», eta honek egokitu egiten zuen lana. Hagitz eskuzabala izan dela deritzote eta esker ona bertzerik ez dute berarentzat eta EOSentzat.

Tesela

Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrena ospatzeko abian jarritako Tesela proiektuaren barrenean sortutako lana da «Txalaparta»; hau bertze tesela edo zati bat da mosaiko koloretsu bat osatzeko. Erabateko estreinaldi honetaz gain, obra gehiago ere joko dituzte kontzertuetan. Daniel Müller-Schottek emanen dio hasiera egitarauari, A. Dvorak-en «Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua»-rekin. Bigarren aldia da biolontxelo-jotzaile alemaniarra EOSekin dagoena eta orain dela bi urte izan zuen esperientzia ona oroituz pozarren itzuli da. Ondotik I. Fedeleren «Txalaparta» interpretatuko dute, eta azkenik, C. Francken «Psyche».

Andrey Boreyko zuzendariarentzat programa hau hagitz berezia da, teknika berriak ikertzen dituelako eta jende ezberdinaren lankidetzak fruitu politak eman dituelako. «Ez nuen txalaparta ezagutzen eta ikaragarria iruditzen zait», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo