GARA > Idatzia > Mundua

Israelek, nuklearren auzian, Iran «denbora irabazten» dabilela dio

Israelgo lehen ministroa mesfidati agertu da Irango programa nuklearraren auzian, herrialdea 5+1 taldearekin egiten ari den negoziazio bileretan «denbora irabazteko» asmoz dabilela salatuz. Bestalde, Iranek programa nuklearrarekin -helburu zibilekoa-, jarraitu ahal izateko «konpromisoa» har dezala eskatu dio Estatu frantsesari datozen negoziazioen aurrean.

GARA | JERUSALEM

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, Irani leporatu dio «denbora irabazi» nahi izatea programa nuklearraren harira munduko potentziekin izaten ari den elkarrizketetan, eta bertako Gobernuaren hitzekin mesfidatia dela gehitu du.

«Elkarrizketak denbora irabazteko eta iruzur egiteko aukera moduan ikusten dituztela dirudi, urteetan zehar Ipar Koreak egin izan duen legez», adierazi zuen Netanyahuk Irango funtzionarioek 5+1 taldearekin -AEBak, Errusia, Txina, Britainia Handia, Estatu frantsesa eta Alemania- izango duten bilerari erreferentzia eginez.

«Negoziazioaren helburuak argia izan behar du: Irango uranioaren aberastearekin lotura duten ekintza oro bertan behera utzi, material nuklear guztia atera eta Qom (erdialdea) inguruko lur azpiko azpiegitura nuklearrak desegitea», gehitu zuen lehen ministroak.

«Hori guztia gertatzen denean, zoriontzen lehena izango naiz, baina ordura arte eszeptikoen artean kokatzen dut neure burua», esanaz amaitu zuen.

Apirilean Netanyahuk gogor jo zuen 5+1 taldeak Iranekin Istanbulen eginiko bileraren aurka, Teherani «mugarik eta eskrupulurik gabe bere uranioaren aberaste programarekin jarraitzeko beste bost asteko tartea» utzi ziotelako, eta programa bertan behera uzteko betebeharrik ezarri ez ziotelako.

Israelek bere izateari mehatxu moduan hartzen du iraniarren programa nuklearra. Hori dela-eta, adierazpen kontrajarriak egiten ditu, tartean behin operazio militarrarekin mehatxu eginez, bere benetako intentzioen inguruko anbiguetatea mantendu eta aldi berean nazioarteko komunitateari, batez ere AEBei, presio egiteko.

Iran, Estatu frantsesari eskean

Bestalde, Iranek Estatu frantsesari «konpromiso bat» hartzeko eskatu dio, datorren astean Bagdaden izango diren negoziazioetan. Honela, uranioa aberasten jarraitzeko aukera izango luke, betiere, «helburu zibilei begira».

Bagdadeko negoziazioan «alde guztiek benetako borondatea izanez gero», lehenik eta behin, Mendebaldeko kezkari amaiera emateko modua aurkitu ahal izango lukete, eta bigarrenik, iraniarrei, helburua zibila izanki, ekintza nuklearrekin eta uranioaren aberastearekin jarraitzeko beharrezko bermeak eman ahal dizkiete, Ali Ahani enbaxadore iraniarrak «Le Monde» egunkariari adierazi zionez.

manifestazioa

Milaka pertsona, gehienak xiiak, irten ziren bart kalera Bahraingo hiriburuan, Arabia Saudirekin batzearen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo