GARA > Idatzia > Euskal Herria

D3Mko eta Askatasunako auzipetuek diote absoluzioa dela epai onargarri bakarra

D3Mren eta Askatasunaren aurkako epaiketa amaituta, auzipetuek agerraldia egin zuten atzo, euren lana «guztiz publikoa eta politikoa» izan dela argituz, eta beraz, guztion absoluzioa dela «erabaki logiko bakarra».

p016_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Amparo Lasherasek eta Arantxa Urkaregik D3Mren eta Askatasunaren aurkako epaiketaren balorazioa egin zuten atzo, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurrenez, gainerako auzipetuak alboan zituztelarik. Bi emakumeek akusatu guztien absoluzioa eskatu zuten, «lan politiko eta publikoa» baino ez dutela egin defendatuz.

Ostegunean bukatu zen epaiketan, Madrileko Auzitegi Nazionaleko fiskalak hamaika akusaziorekin jo zuen aurrera, Fernando Antiaren eta Aitor Liguerzanaren kontrako akusazioak kendu ondoren. Hamaika horietatik bederatziri «kide izatea» egotzi die, eta beste biei, «kolaborazioa».

Hala ere, Urkaregik eta Lasherasek argitu zutenez, ez diete leporatu zuzenean ETA talde armatuko kide izatea, «erakunde terrorista» ezberdin batean parte hartzea baizik. «Fiskalaren ustetan, bi erakunde ezberdin daude, bata, armak erabiltzen dituena, eta bestea, elkarte terrorista politikoa». Teoria horrek «dena da ETA argudioa berreskuratzen du, ETAk parlamentuan beso politikoa behar zuela adierazten duelako».

Bi hizlarien iritziz, teoria horrek «ez dauka ez oinik, ez bururik», D3Mko eta Askatasunako kideek egindako lana «publikoa, politikoa eta guztientzat agerikoa izan delako», eta hortaz honako galdera luzatu zuten: «ETA ez den erakunde batean bagaude, zein da erakunde hori? Non daude erakunde ezberdin horren existentziaren frogak?».

Bi emakumeek ondorioztatu zutenez, epaiketa honen helburua «abertzalea eta ezkertiarra den aukera politikoa joko politikotik kanpo uztea da, eta ez besterik». Euren «errua» ere onartu zuten auzipetuek: «Gure delitua herrialde honi eskaintza politikoa egitean datza, ezkerrekoa eta abertzalea dena».

Lasherasen eta Urkaregiren esanetan, D3Mko eta Askatasunako kideak «eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeagatik» atxilotu zituzten, eta gaineratu zutenez, «epaiketa politiko guztien bukaera eskatzen dugu. Gurea, `Bateragune kasukoa' eta ildo berean doazen epaiketa guztiak».

Otegi gogora ekarriz

Hizlariek begirada egoera politikoan jarri zuten, euren epaiketaz harago: «Ezetz esan behar diogu salbuespen egoera honi. Ezetz, politika egiteagatik egindako epaiketei», adierazi zuten.

«Agertoki berri honek, errezeta berriak behar ditu», nabarmendu zuten, eta horiek horrela, «espero dugu Gobernu espainola eta epaileak Euskal Herrian zabaldutako garai berrietara egokitzea, formula errepresiboak gaindituz».

Agerraldia bukatzeko, «Bateragune auzian» epaitutakoei «besarkadarik beroena» bidali zieten. «Haien kasuan, gurean bezala, absoluzioa da logikak adierazten duen erabaki bakarra».

Horiek guztiak esanda, prentsaurrekoa gurean ezaguna egin den esaldiarekin bukatu zuten: «Irri egin ezazue, irabazi egingo dugu-eta».

fernando antia

Pasa den ostegunean, «logikaren kontra doan erabakian» akusazio guztiak erretiratu eta gero, Antia bere kideekin batera agertu zen prentsaurrekoan, eta horien guztien partetik «zorionik beroena» jaso zuen.

hauteskundeak

Auzipetuen esanetan, epaia «bi hilabete ingurutan» aterako da. Absoluzioa ematen badu akusatu guztiek EAEko parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko aukera izango lukete inolako trabarik gabe

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo