GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Pasaiako kanpo portu ez horren «estrategikoa»

Pasaiako kanpo portuaren proiektua hizpide izan zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Parlamentuan. Bi instituzio horietan entzundakoaren arabera, gero eta ahots gehiagok eskatzen dute proiektua bertan behera uzteko, eta proiektuaren defendatzaile sutsuenek gero eta argudio gutxiago eta zalantza handiagoak dituzte, haren bideragarritasun ekonomikorik eza dela-eta. Izan ere, bideragarritasun horren falta ere bada proiektua bertan behera uzteko arrazoia, baina lehen-lehena da herritarrek ez dutela nahi. Eta herritarren borondate horretan faktore ekonomikoa ez ezik -eta krisi ekonomikoa baino lehenagotik-, ingurumenaren aldekoa ere badago. Pasaiako portuaren proiektua, bestalde, hainbat agintariren arduragabekeriaren adibide argia da. Duela bi urte Administrazio Kontseiluak hasierako proiektua erdira murriztu zuen, haren izaera «estrategikoa» galdu gabe. Eta, hasieratik bezala, herritarren borondateari muzin eginda; hasieratik bezala, haren ustezko beharra eta kostua -ekonomikoa eta ekologikoa- aurrez aurre jarri gabe. Kanpo portuaren proiektuaren bilakaerak tristeki erakusten du agintariek maiz zein erraztasunez, eta zein arduragabekeriaz, erabakitzen dituzten azpiegiturak, «estrategiko», «garapenerako ezinbesteko» eta gisako hitzak erabilita, haien atzean bakan batzuentzako negozioa baino ez dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo