GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Greziarren hobe beharrez

Zenbatetan ez ote zaizkizu etxera etorri telefonoaren, gasaren edo argiaren faktura erakusteko eskatzera, baldintza hobeak eskaini nahi omen dizkizutela esanez? Kontratua beste konpainia batekin, «gutaz benetan arduratzen» den konpainia batekin, sinatutakoan, komeriak hasiko dira, aurreko konpainiarekin bezala, jakina. Eta kristoren amorrua emango dizu aurrekoak bezain zital jokatzen duela ikusteak, denek berdintsu jokatzen dutela, hori bai, zure hobe beharrez.

Greziarren hobe beharrez ari da troika delakoa ere (hitzak berak dioenez, bi kidek osatutako multzoa: Nazioarteko Diru Funtsak eta Alemaniak), baina greziar eskergabeek sekulako nahastea eragin dute, ohiko alderdi nagusiak botoen herenera murriztuta. Gezurra dirudi, nork eta greziarrek demokrazia zertan den ez jakitea ere...

Kontua da Grezian hauteskundeetara berriro deituta, balitekeela ekaineko hauteskundeetan troikaren gustukoa ez den eta greziarrek bezala erreskate eskuzabal hori nahi ez duen alderdi batek boto gehien jasotzea. Emaitza horrek Grezia eurotik ateratzeko aukera handituko luke, greziarren hobe beharrez dihardutenek esan -mehatxatu- zutenez.

Greziaren egoeraren errudunak greziarrak dira, eta hala ez badira ere, larrutik ordaintzen ari dira bankuen, kalifikazio agentzien, gobernuen eta troikaren zitalkerien ondorioak. Eta orain errudunagoak dira, bozkatu behar luketena bozkatzen ez dutelako. Gezurra dirudi demokraziaren sehaskan demokraziaz tutik ere ez jakitea.

Hala ere, Grezia eurotik ateratzeak Europako hartzekodunak kaltetu litzakeenez, mehatxuaren ondorengo baretasun mezua zabaldu zuen atzo Europako Batzordeak, Grezia eurotik irten ondorengo agertokia prestatzen ari dela gezurtatuz.

Eurotik ateratzea ez litzateke samurra greziarrentzat; hala ere, argi eta gordin ikusi dute dagoeneko bertan jarraitzeko ezarrita dituzten baldintzek zer ekarri dieten eta zer dakarkieten hurrengo urte luzeetarako. Badakigu demokrazia greziar mitoa baino ez dela, baina behin besterik ez bada ere, erabaki dezatela greziarrek beren tragediari nola aurre egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo