Floren Aoiz www.elomendia.com
Donostiatik Tafallara, Tafallatik Bidankozera
Ongi asko laburtu dute Kontseilukoek erronkaren funtsa: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidea eta estatus egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa)
Ez da jota baten izenburua, dirudien arren. Donostian aurkeztu zuen Kontseiluak euskararen gutxienekoak biltzen dituen adierazpena (http://issuu.com/kontseilua/docs/euskararen-gutxienekoak), duela aste batzuk. Maiatzaren 12an, berriz, Tafallan ospatu zen Euskararen Eguna. Gaur, Bidankozen eginen da Uskararen Eguna, Erronkariko hizkeran «uskara» baita gure hizkuntzaren izena. Tafallan eta Erronkarin euskarak atzerapen handia pairatu du azkenengo mendeetan. Tafallan, jakina, askoz ere lehenago hasi eta aurreratu zen galera, Erronkariko azken uskaldun zaharren ahotsaren oihartzuna oraingoz aditzen delarik. Tafallan nahiz Erronkarin, Euskal Herriko hainbat lekutan bezalaxe, jende frankoren lanari esker, joera itzuli da. Gainbeherari aurre egin eta geure hizkuntzaren soinu goxoak aditzen dira, berriz aditu ere, haur, gazte eta euskaldun berrien mintzoan.
Eduardo Galeanok idatzia du bi astetik behin hizkuntza bat galtzen dela. Gurea ez dago, zorionez, zorigaitzeko zerrenda horretan. Hil ez den neurrian, bazter- tua izan zen lekuetara itzuli da, oro har indartzen ari delarik. Bidea zaila izan dela begi bistan dago. Oztopoak ez direla desagertu nabarmena da, halaber. Euskararen aurkako erasoak ugaltzen dira, oraingoz ere, esparru instituzional, mediatiko, ekonomiko eta irakaskuntza mailakoetan, esaterako, bigarren (batzuetan, hirugarren edo, makurrago, azken) hizkuntzaren estatusa duelarik.
Marra gorriak, bestela esanik, euskararen gutxienekoak, aipatzen zituzten Kontseiluko kideek egin zuten ekitaldi argigarri bezain hunkigarrian. Lodosa-Sartagudako ikastolako ikasleen zailtasunen berri izan genuen bertan, besteak beste. Tafallan eta Erronkarin, beste hainbat lekutan bezalaxe, badakigu zer-nolako hormen kontra jo behar den halako lehia batean.
Egindako lanak fruitu ederrak ekarri ditu. Lana ez da bukatu, alta, eta gauzak horrela, bat nator Kontseiluko lagunekin. Herri mugimenduaren inurri lanaren bidetik segitu behar da, baina ez hortik soilik. Irekitzen ari den, irekitzen ari garen aro berrian, euskarak bere lekua behar du. Gertatu da, tamalez, beste hainbat prozesutan, estaturik gabeko herriaren jatorrizko hizkuntzak baztertuta segitu duela, beste hainbat esparrutan aurrerapen handiak emanik ere.
Ez dugu halakorik nahi Euskal Herrian, eta gerta ez dadin neurriak hartu behar ditugu. Gutxieneko horiek egindako ahalegin erraldoiaren araberako oinarriak dira. Ongi asko laburtu dute Kontseilukoek erronkaren funtsa: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidea eta estatus egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa). Gutxieneko hauek aintzat hartu behar dira eraikitzen ari den egoera berrian.
Euskarak agertoki politiko-instituzional berria behar du, nabarmena baita gaur egungo erronkei behar bezala aurre egiteko estatus berriaren babesa derrigorrezkoa dela. Xalbadorrek ere argi esan zuen: «Izaite bat ez daike hezur hutsez osa; herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza». Bazter dezagun behin betiko hil hotza!