Harri-jasotzea Gipuzkoako Txapelketa
Zaila izango da Aimar Irigoieni txapela kentzea
Errezildarrarekin batera, Jagoba Otaegi, Izeta III.a eta Izeta IV.a neurtuko dira bihar arratsaldean, 18.30etik aurrera, Legorretako Harripila kiroldegian.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoien, Izeta III.a, Izeta IV.a eta Jagoba Otaegi neurtuko dira bihar 18.30etik aurrera Legorretako kiroldegian jokatuko den Gipuzkoako Txapelketan. Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu; eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izango dituzte.
Aimar Irigoien da, dudarik gabe, txapela lortzeko faborito nagusia. Errezildarra ongi baldin badago, zaila izango da bera mendean hartzea. Bigarren posturako borroka handia izango da izetatarren artean. Jagoba Otegi, berriz, oraindik oso gaztea da, eta zaila izango du laugarren postutik ihes egitea, baina saiatuko da guztien aurrean erakusten zer maila duen.
Aizkora
Aizkoran, bihar Gipuzkoako Bigarren Mailako bi kanporaketak jokatuko dira. Bata Beasainen, 12.00etan hasita. Bertan, Alkizalete II.a, Dorronsoro, Esnaola, Irazu, Mugertza II.a, Eneko Otaño eta Zaldua lehiatuko dira. Arratsaldean, Aian izango da saioa, 17.00etatik aurrera. Bertan, Agirre, Bergara, Larrañaga, Mugertza III.a, Unai Otaño, Telletxea eta Urteaga neurtuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Bi kanporaketetan berdin. Saio bakoitzeko lehen hiru sailkatuek lortuko dute Mendaron, uztailaren 26an jokatuko den finalerako txartela.
Urrezko Aizkoran ez da maila nagusiko saiorik izango, baina bai 23 urtez eta 19 urtez azpikoetan. Biak Urrotzen jokatuko dira bihar, 12.00etan hasita. 23 urtez azpikoetan, Erasun, Kañamares III.a, Ruben Saralegi eta Oihan Larretxea neurtuko dira. Lehen biek lortuko dute finalerdietarako txartela. 19 urtez azpikoetan, berriz, Eneko Saralegi, Etxeberria II.a, Kortxero eta Larrea III.a lehiatuko dira. Hemen ere, lehen biak sailkatuko dira.
Bigarren Mailako Gipuzkoako Txapelketako bi kanporaketak jokatuko dira bihar. 12.00etan Beasainen; eta 17.00etan, berriz, Aian. Bakoitzetik lehen hirurak sailkatuko dira finalera.
Urrezko Aizkoran ez da maila nagusiko saiorik izango, baina 23 eta 19 urtez azpikoetan final-laurdenak jokatuko dira Urrotzen, bihar eguerdian, 12.00etan hasita.