Museoen ondarea, ekintza berriei esker, jendearengandik hurbilago
Elena Asinsen Mikro Erakusketa Nafarroako Museoan; orain dela 14.000 urteko biztanleen antzera ehizatu, sua egin eta margotzeko aukera Zestoako Ekainberriko abenturan; Nestor Basterretxeak Gernikako Euskal Herria Museoari emandako «Neguaren ostean... ernatu da zuhaitza» jatorrizko grabatua... Berritasun ugari aurkeztu zuten atzo, Museoen Egunean, Euskal Herriko zentroek; beren ondarea jendeari zabaldu nahi diotelako, egun honetan eta beti.
Maider IANTZI | ZESTOA
«Museoak, mundu aldakor baterako» leloarekin ospatu zen atzo Museoen Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko eta munduko zentroek beren jantzirik onenak jantzi zituzten jendea erakarri eta barrenera gonbidatzeko, gordetzen duten altxorra ezagutzera eta gozatzera. Eskaintza bereziek eta tentagarriek erakarrita, ohi baino bisitari gehiago izan zituzten; ekintzak ez ziren hor bukatu, ordea. Asteburuan izanen dute segida, baita urte osoan ere.
Zestoako Ekainberrin, adibidez, aurrerantzean bisitarien esku jarriko dituzten hainbat produktu berri aurkeztu zituzten. Museoak herrian duen bulegoan elkartu, eta instituzioetako ordezkariak eta herritarrak Ekainberrira joan ziren oinez, Sastarrain bailaran barrena ibilaldi ederra eginez. Zubi, oilategi, baserri eta monumentu artean egindako paseo lasaian, Arazi IKT enpresak Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin sortu duen smartphone-ntzako doako aplikazioa erabili zuten. Aplikazio honek audio-gida formatua du, eta argazki, mapa, audio eta testuen bidez, Zestoatik Ekainberrirako bidean dauden interesguneen azalpena ematen du fikziozko pertsonaia batek. Patxi Santamaria aktoreak jarri dio ahotsa eta han izan zen atzo bera ere.
Baina, zalantzarik gabe, «Ekain abentura» izeneko ekimena da museoaren eskaintzaren izarra. Honi esker, bisitariek egin egiten ahalko dituzte orain arte ikusi bertzerik egiten ez zituzten gauzak. Duela 14.000 urteko gipuzkoarren azalean jarri, eta eurek bezala sua egin, ehizatu, margotu eta, jakina, ehizatutakoa jateko aukera izanen dute hemendik aitzinera.
Sentsazioak gozatzen
Munduan bakarra den margo-multzo baliotsua gordetzen duen Ekaingo kobaren erreplikan sartuz hasi genuen bisita. Jatorrizkoaren neurriak milimetroz milimetro errespetatuta egin zuten kopia hau, historiaurreko teknika berekin margotuz barreneko pinturak, eta giroa (hezetasuna, argia, airea...) ere mantenduz, bisitariek esperientzia sentsoriala bizitzeko.
Begiak ohitzeko sarreran pixka batean egon ondotik, barrurako bidea hartu genuen. Lehendabiziko margoari egin zioten argia: zaldi handi bat, kobako atearen zaindari. Uraren soinuak bakarrik puskatzen zuen isiltasuna. Bertze zaldi bat ikusi genuen, oraingoa lantza batek harrapatua. «Zaldirik ehizatzen ez bazuten, zergatik dauka lantza gorputzean? Magia moduan?». Airean utzi zuen gidariak galdera. Bakoitzak bere interpretazioa egin zuen.
Zaldiez gain, bisonteak, oreinak eta hartzak ere ikusi genituen. Azken hauei buruz, Aita Barandiaranek erran zuen gurtu egin behar direla, gurtu belauniko jarrita hobeki ikusten direlako horma irregular hauetako margoak. Urak eta denborak gastatu egin ditu, baina pintura batzuek detaile ikaragarriak dituzte. Batek grabatu bat zuela ohartarazi zigun gidariak, lantza batena. Beharbada, magia «sinpatikoa» egin, animalia zaurituak etorri eta errazago ehizatzeko. Hezurrak ere baziren, lozorroan zirela hildako hartzenak. Hezurrei begiratuta, argi ikusten da ze jarreratan zegoen animalia.
Arkeologia esperimentala
Berriro begiak ohitu, oraingoan argitasunera, eta kanpora, Josu Zumeta arkeologo esperimentalaren argibideei jarraituz arku eta geziekin ehizara. Euria hasi zuen eta ezin izan genuen sua kanpoan piztu. Orduan, Zumetak barrenera gonbidatu eta suharriekin eta markasitarekin sua nola egin erakutsi zigun. Bertze bide bat ere azaldu zigun, egurrena, hauek errazagoak baitira eskuratzen. Arte handiz, garra lortu zuen arkeologoak (hori da zailena) eta behin garra izanda, lastoarekin sua egin. Egur ikatzarekin margoak egin genituen eta, azkenik, indarra hartzeko, zelaian erretzen jarritako arkume-pintxoak jan, gaztarekin eta sagardoarekin batera.
Ibilaldi honi jarri diote «Ekain abentura» izena, eta edonork egin dezake (bukaerako otordu eta guzti, aldez aurretik hala eskatuz gero). Informazio guztia www.ekainberri.com-en dago eskuragarri. Webgune hau berritu egin dute, gainera, ondarea jendeari zabaltzeko eta parte hartzeko aukera emateko.
Zestoatik Iruñera, hango Nafarroako Museoan Elena Asinsen (Madril, 1940) erakusketa ireki baitzuten, eta honekin Mikro Erakusketen programa berriari hasiera eman. Museo honek 2007tik dauka Azpirotzen bizi den eta iaz Arte Plastikoetako Estatu mailako saria irabazi zuen artistaren egur gainean egindako erliebe bat, «Canons 22» izena duena. 1994an egin zuen «lekua, denbora, espazioa eta gizakiak horiekin duen harremana» ikertzeko proiektu baten barrenean. Pieza hau, diptiko zuri bat, «osotasun baten aurrealdea eta ifrentzua», bertsio beltz batekin osatzen da. Hau artistarena da eta erakusketarako utzi dio museoari.
Doako sarrerak eta bisita gidatuak, ekintza berri piloa, gaur izanen den Museoen Gaua... Beren eguna gogotik ospatu eta gero, museoek ez dute atsedenik hartuko eta aukera ugari emanen dute asteburuan gozatzeko. Irungo Oiasson, errate baterako, hiri honetako azkeneko nobedade arkeologikoak, Bixerako indusketetan aurkitutako materialak, ezagutzen ahalko dira gaur, 11.00etan, Mertxe Urteaga museoko zuzendariarekin. 18.00etan, solasaldi literarioa izanen da Iñaki Urdanibiarekin.
Irungo azkeneko nobedade arkeologikoak, Bixerako indusketetan aurkitu dituzten materialak, bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen da gaur, 11.00etan, Mertxe Urteaga Oiasso museoko zuzendariarekin.
Bilboko Berreginen Museoak Android edo Apple sakelako telefonoen erabiltzaileei zuzendutako aplikazioa aurkeztu zuen atzo, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz.
Aplikazioak, museoaren bildumako artelan garrantzitsuenetara hurbilduko ditu erabiltzaileak, besteak beste, Erekteioneko Kariatidea, Samotraziako Garaipena, Zeusen Aldarea, Moises edo Olinpiako Hermes. Obra bakoitzaren deskribapen laburra egingo da, artelanaren alderdi garrantzitsuenak jasoz, eta eskulturaren xehetasunen irudiak erakusten dituen galeria bisitatzeko aukera ere eskainiko da.
Aplikazioak "Berreginen Museoa" izeneko gunea ere eskaintzen du; bertan ibilbidea egiten da Museoaren fundaziotik, pieza bildumatik eta bere historian izan duen hiru egoitzetatik. Azkenik, informazioaren atalean, fondoak, tarifak, ordutegiak, museora heltzeko planoa, solairuak eta museoak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak azaltzen dira, besteak beste, bisita gidatuak eta tailerrak. GARA