GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Gu, sekularrok (I)

Guk, herrialde sekularrekook uste dugu erlijioaren kontu horiek guztiak aspaldi gainditu genituela. Gu, herrialde sekularrekook, penaz begiratzen ditugu herrialde musulmanak, hain tristea baita beren bizimodua, hain iluna. Ez daitezela kezkatu, baina, lagunduko diegu-eta ezjakintasunaren kateak hausten, erlijioa horixe baita, ezjakintasuna. Hori esan zuen Kantek. Arrazoimenaren argia ikusteko sineskeriekin hautsi behar du batek, eta zer da erlijioa, bada, sineskeria ez bada?

Gu, herrialde sekularrekook ez gara uste bezain jakintsuak. Jakintsuak bagina, ohartuko ginateke gure pentsamendua, sekularra delako hori, ez dagoela erlijiotik kanpo ulertzerik.

Erlijioa dago sekularra esaten diogun egutegiaren oinarrian, baita munduaren antolamenduan ere. Hain zuzen, gure garaia Kristo hil osteko garaia da, egutegiak hala ezarrita. Eta munduko mapak, Europa erdian azaltzen duten horiek, Sevillako Isidororen «Etymologiae u Originum sive etymologiarum libri viginti» lanean azaltzen den T-O mapatik abiatuta osatuta daude. Walter Mignolok azaltzen duen bezala, T-O mapan Sevillako Isidororen garaian ezagutzen ziren lurraldeak (Europa, Asia, eta Afrika) Noeren semeetako bati lotuta agertzen da: Asia Semekin, Europa Jafetekin, eta Afrika Camekin. Semengandik jaio ziren kultura semitikoak, Jafetengandik arioak, eta Camengandik afrikarrak. Mozkortuta zegoen Noeren lepotik barre egiteagatik, Camen ondorengoak madarikatuak izan ziren. Horregatik uste zuen San Agustinek afrikarrak pizti hutsak zirela. Aldiz, Jafeten ondorengoak bertutearen paradigma ziren, haiek eraiki baitzuten Eliza kristaua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo