Printzipalen euskarak lekurik ez izatea deitoratu du Gasteizko Bilduk
GARA | GASTEIZ
Gasteizko Bilduk «guztiz deitoratu» zuen atzo udal antzoki sarearen udako programazioan ez dagoela euskarazko emanaldirik. «Hau al da Maroto alkateak hizkuntza ekologiari buruz daukan ikuspegia? Nola lotzen da jarrera lotsagarri hau alkateak euskarari buruz egiten dituen diskurtso politekin?», galdetu zuen Ane Aristi zinegotziak.
Izan ere, eta koalizioak egiaztatu duenez, udako programazio hori, batez ere Printzipal antzokian gauzatzen dena, 16 ikuskizunek osatzen dute, horietatik bost antzezlanak dira, guzti-guztiak gaztelaniazkoak. Umore Giroan zikloan ere ez dago euskarazko ekitaldirik. Eta beste horrenbeste gertatzen da jaietako egitarauan. «Laburbilduz: hiru hilabetez Printzipalen ez da euskararen arrastorik egongo», gaitzetsi zuen.