Mendia | Xedea
Deiadar Mendien bost gailurrak lotu dituzte 60 orduko ibilaldian
Deiadar Mendien Egunaren ekitaldiarekin bat eginez, Oskar Aldazabalek eta Joxean Ostolazak Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube mendiak igo zituzten. Guztira, 223 kilometroko ibilbidea izan da.
Andoni ARABAOLAZA
Oskar Aldazabal eta Joxean Ostolaza mendizale zein ibiltari peto-petoak dira. Eta hori behin baino gehiagotan erakutsi digute Euskal Herriko zein inguruko mendietan egin dituzten ekimen bereziekin. Hankei zein oinei ondo baino hobeto eragiten diete, eta bi mendizale horien azken ibilaldi luzea horren guztiaren isla izan da.
Maiatzaren 13an, Sollubeko gailurrean, Deiadar Mendien Eguna ospatu zen. Bizkaiko historiari begiradatxo bat eskaintzen dio ekitaldi horrek; izan ere, Erdi Aroan hasita, herrialde horretako bost menditatik (Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollubetik) bai soinuarekin bai suarekin Batzar Nagusietara deitzen zituzten bizkaitarrak. 2009. urtetik aurrera Bizkaiko Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Eguna instituzionalizatu zuten.
Bada, horren «aitzakiapean», Aldazabalek eta Ostolazak aipatutako bost mendiak lotzea erabaki zuten: «Ospakizun horren kartela ikusi genuen, eta bost mendi horiek igotzea otu zitzaigun; hori bai, non stop eran. Ibilbide osoaren hainbat zati ezagutzen genituen, baina, beste batzuk, ordea, ez. GPS-a hartu eta menderatzen ez genituen zati horietara abiatu ginen. Behin den-dena zehaztu ondoren, bost mendi horiek lotzera abiatu ginen».
60 ordu
Markina herria izan zen «irteera» puntua. Maiatzak 11. Goizeko bederatzietarako Oiz mendiaren gailurrean ziren. Ondoren, Urkiolara begira jarri ziren. Barazarretik pasatu eta Gorbeiako punta arratsaldeko seitan zapaldu zuten. Zeberiotik Ugao aldera, eta han etena egin zuten: «Laguntzaileak han genituen. Bai, semeak jakiekin-eta itxaroten genituen. Makarroi batzuk jan eta atseden pixka bat hartu genuen. Goizaldeko hirurak zirela, berriro abiatu ginen. Ganekogorta aldean behe lainoarekin arazotxoren bat edo beste izan genuen. GPSari esker buruhauste horiek gainditu genituen».
Sodupe, Balmaseda eta Kolitza zuten zain. Tontorrera arratsaldeko ordu biak aldera iritsi ziren. Artxandan afaldu ondoren, Derio aldean beste oztopo bat izan zuten: «Ingurumari hori errepidez josia dago. Ez genekien nondik zeharkatu, eta, berriro ere, GPSa lagun izan genuen. Solluben goizeko hamarretan ginen. Sollubeko mendi taldeko lagunak antolaketa lanetan ziren, eta ustekabea eman genien. Gure xedearen berri eman ondoren, pintxo batzuk eskaini zizkiguten. Une hori berezia izan zen oso, ordu batzuetara ospakizunetan baitziren».
Gernikara jaitsi eta arratsaldeko sei eta erdietan «helmuga» puntuan ziren, hots, Markinan. Bost mendi horiek lotzeko, guztira, 223 kilometro egin zituzten. 60 ordu behar izan zituzten xedea biribildu ahal izateko: «Bi egun eta pasatxo horietan soilik 6 ordu egin genuen lo. Den-dena primeran atera zaigu. Soilik behe lainoarekin eta errepideen anabasarekin izan dugu arazoren bat edo beste».
Oskar Aldazabalek eta Joxean Ostolazak Deiadar Mendien bost gailurrak lotu berri dituzte. 223 kilometroko ibilbidea egiteko, 60 ordu behar izan dituzte.