GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ELKARRIZKETA | Lemmy Lambert eta Manu Ado, piragua polinesiarreko munduko txapelduna eta Belharra clubeko kidea

«Amerikarrak ez ziren gai va'a zuzen gidatzeko eta lema jarri behar izan zioten»

Polinesiako biztanleak, oso gazte direnean ere, arrantzan, arraunean edo beren arteko lehian ibili ohi dira, beraien arbasoek ibiltzen zituzten piragua berberekin. Egun, gero eta piragua polinesiar edo va'a gehiago dago. Munduko txapeldunarekin eta honek entrenatzen duen Manu Ado Sokoako Belharra Watermen Clubeko kide eta arraunlariarekin solasean izan gara kirol hau ezagutzen lagun diezaguten.

p046_f01_148x192.jpg

Haritz LARRAÑAGA | SOKOA

Lemmyk eta Manuk itsasoa maite dute. Bata polinesiarra da, bestea azkaindarra. Va'a edo piragua polinesiarrarekin itsasoratzen dira, arraun egiten dute, uhinak eta olatuak hartu, korronteak zeharkatu eta haizeak sortutako kuzkurdurekin bat nabigatzen dute. Bestelako testuinguru batean bada ere, egungo aroak dituen berezitasunak guztiz ezabatzen dira itsasoan, urrun, arraun egiten daudenean, antzinako polinesiarrek egiten zuten modu berean arraun egiten baitute.

Lemmyk 48 urte ditu eta orain bost urte arte buru-belarri lehiatzen ibili da. Tahitin diren txapelketa garrantzitsu guztiak irabazi ditu, Hawauiki Nui Va'a lehiaketa ospetsua, bakarka zein taldean egin ohi diren mota guztietako txapelketak eta modalitate desberdinetako txapelak eskuratu ditu. Tahitiko Tourra, hiru egun irauten duen 150 kilometroko lasterketa... amaiezina da bere txapelen curriculuma.

Manu Ado berriz, Belharra Watermen Clubeko kidea da, eta va'a kanoarekin lehiatzen ibiltzen da. Orain dela bi urte va'a egiten hasi eta gutxira Frantziako txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Iaz, bosgarren postua eskuratu zuen, eta Toulonen 35 kilometroko estropada irabazi zuen. Orain, Lemmyrekin entrenatzen ari da.

Zer da va'a? Nondik dator?

Lemmy Lambert: Indonesia eta Indotxinatik Ozeano Bareko irletara joan ziren lehen biztanleak ontzi handietan mugitzen ziren, haize-oihalekin. Baina irletan, ez ziren urrun joaten, urmaelean ibiltzen ziren arrantzan, arrezifetik harago joan gabe, beraz piragua txikiak egiten hasi ziren.

Gero, auzoen arteko lehiak egiten hasi ziren, horrela piragua estuagoak eta azkarragoak egin zituzten; hortik dator egungo piragua polinesiarra, va'a deritzona.

Piragua hawaiiarra eta polinesiarra berdinak al dira?

L.L. : Polinesiatik Hawaiira joan zirenean ere va'a erabiltzen zuten, baina gero amerikarrak etorri ziren, eta haiek, va'a menderatzeko gai ez, eta zuzen eramaten ez zekitenez, lema bat itsatsi zioten piraguari, eta hawaiiar piragua deitu zioten. Hawaiiarrek asmatu zutela diote, baina ez da egia. Egun, piragua hawaiiarra deitzen duten hori beraz, ez da hawaiiarra, amerikarra baizik.

Zein dira desberdintasunak?

L.L. : Piraguaren atzealdea eta aurrealdea esaterako, desberdinak dira. Hawaiiarrak bi muturrak puntan ditu, ohiko txalupa baten brankaren antza handiagoa du. Polinesiarra berriz baxuagoa da, ez du kurbarik brankan eta txopan. Ia laua dela esan daiteke, eta ez du lemarik, beraz gidatzeko zailagoa da. Hawaiiarra deitzen duten horrek, kayak baten antz handiagoa dauka, eta beraz, gidatzeko, piragua bat baino errazagoa da.

Jende askok egiten al du va'a?

L.L. : Tahitin, txikitan, gurasoekin arrantzan, jolasean ikasi dugu kanoan arraun egiten, baina egun, kirol nazionala da. Eskolan derrigorrezko kirola da, telebistan eta irratian jarraipen handia du... Edozein egun, edozein ordutan, begiratu itsasora eta beti topatuko duzu norbait arraunean. Ez du axola goizeko bostak, arratsaldeko hirurak edo gaueko hamarrak diren, Tahitin beti ari da norbait arraunean.

Europan, Frantzian hasi ziren lehenengoak. Tahititik soldadu izatera etortzen zirenek ekarri zuten va'a Europara. Jaiegunetan kuartelean aspertu egiten ziren eta piraguak ekarri zituzten ahal zutenean arraun egiteko.

Manu Ado: Europan, Italia, Frantzia, Alemania eta Ingalaterran bakarrik egiten da va'a. Gehienbat Frantzian egiten da, hego-ekialdean, Marseilla, Toulon...

Egun oraindik norberak bere piragua egiten al du?

L.L. : Ez. Egun jendeak bere kanoa erosi egiten du. Orain hogei urte eskuz egiten genituen, baina egun jende asko ibiltzen da, beraz bada industria indartsu bat, materialak ere aldatuz doaz, eta aukera gehiago dago.

Nolako piraguak aurki daitezke?

L.L. : Hasieran jendea ez zen urmaeletik ateratzen, inork ez zuen arrezifetik harago joan nahi, zeren lehen urrun joateko seiko piragua (V6a) erabiltzen zuten, piragua handia. Oihalezko piragua ere bai noski, distantzia handiak egiteko haizeaz baliatzen ziren.

Egun, ordea, batekoaren (V1) eta seikoaren (V6) artean denetik aurki daiteke, bi pertsonentzako piragua (V2) eta baita hiru (V3), lau (V4) eta bost lagunek gidatzeko piraguak ere (V5).

Zein da gehien erabiltzen den piragua?

L.L. : Gehiena V1 piragua erabiltzen da. Arrakasta handia du. Gainera, gaur egun, batekoarekin ere arrezifea zeharkatzen dute arraunlariek, oso ongi egindako piraguak baitira.

Horrez gain, taldeko piraguarako hautaketa egiteko erabiltzen dira. Alegia, herri batean agian 25 dira taldean parte hartu nahi dutenak, baina soilik seirentzat dago lekua, beraz banakako piraguan ongien dabiltzanak hautatzen dituzte. Denak batekoarekin entrenatzen dira, gero V6an egoteko.

Va'a batean arraun egitea zaila al da?

L.L. : Polinesiarrentzat piragua «berezkoa» da, inork ez dio haurrari arraun egiten erakusten, norberak helduei begira ikasten du. Orain bai, baina lehen ez zegoen ikasi beharrik, ia sortzetiko zerbait dela esan daiteke. Baina ez da erraza, guk bost eta hamar urte artean ikasitakoa kontseilu bidez irakasten saiatzen gara, eta horrela ikasleak asko eta azkar ikasten du, baina denbora eta praktika asko behar da.

Sokoara bertako arraunlariak prestatzera etorri zara?

L.L. : Iaz etorri nintzen lehen aldiz. V6 bat nola gidatu eta nola prestatu irakasteko etorri nintzen, eta aurten berriz, V1ekoagatik etorri naiz. Zeren hemen dauden V1ak ez daude ongi eginak. Nik piraguak egiten ditut, denda bat daukat Tahitin, eta V1 onak ekarri nahi nituzke hona.

Bide batez, Belharra Watermen Clubeko kideekin egoten naiz eta ahal dudan guztia irakasten diet. Manu bezalako arraunlariak ere entrenatzen ditut.

M.A. : Iazko irailean hasi nintzen serioski V1 egiten. Aurrez surf egiten nuen eta olaturik ez zenean klubera gerturatzen nintzen zerbaitekin arraun egitera irteteko. Gero urria eta azaroa bitartean Tahitin izan nintzen Lemmyrekin. Han asko ikasi nuen eta motibatua etorri nintzen.

Ze motatako elkartea da Belharra Watermen Club?

M.A. : Elkartean modalitate anitz lantzen ditugu, SUP (Stand Up Paddle), piragua, Va'a, kayak eta «sauvetage cotier» edo paddle deitzen duguna ere bai, Australiako sorosleek egin ohi duten arraun mota. Arraunean egiteko modalitate anitz egiten ditugu beraz. Sokoako kaian biltzen gara entrenatzeko, arraun egiteko edo ekimenak antolatzeko.

Nolatan jarri zineten kontaktuan Lennyrekin?

M.A. : Bertand Gambet, Belharra elkarteko kidea, Tahitin izan zen orain bi urte. Itzuli zenean hango berri eman eta Lenny ezagutu zuela esan zigun.

Hemengo va'a kanoak txarrak direnez, Tahititik piragua bat ekarri nahi zuen Bertandek, baina kanoa bakar bat igortzea oso garestia zen; beraz, berekin batera kanoa bat erostekotan zebilen jendea atxiki nahi zuen.

Taldetxo bat osatu genuen piraguak eskatzeko, eta bide batez, Lemmy hona ekarri eta berarekin ikasteko aukera ikusi genuen. Piraguekin batera, bidaia txartela ordaindu, eta iaz etorri zen gurera lehenengoz.

L.L. : Bertand Tahitira iritsi zenean arraun egiten topatu zuen zenbait laguni galdegin zien va'a batean ibiltzeko, baina ez zuen baiezkorik jaso.

Dendan sartu zen eta va'a kanoa batean ibiltzeko zer egin behar zuen galdegin zidan. Nik zera galdetu nion, ea bainujantzirik bazuen, eta berak baietz. Orduan esan nion kanoan ibiltzeko ez zuela arazorik, nik bat utziko niola, baina hark va'a bat gidatzen ez zekiela erantzun zidan. Larunbat goizean gurekin arraun egitera gonbidatu nuen eta horrela hasi zen gure arteko harremana.

Eta egun Belharra Watermen Clubeko kideekin harreman estua duzu?

L.L. : Bai, iaz hona etorri eta elkarteko jendea ezagutu nuen, ordutik elkarlanean gabiltza.

M.A. : Guretzat oso ona da horrelako irakasle bat ondoan izatea, asko ikasten baita. Zuzenketak egiten dizkigu eta aholkuekin laguntzen gaitu.

Gero eta jende gehiagok egiten du va'a?

L.L. : Hazi bat bezalakoa da, hemen hazia erein da eta orain arbola hasiko da, etorriko da europarrak eta polinesiarrak buruz buru lehiatuko diren eguna, ez oraindik, baina iritsiko da.

Hara surfa, orain hogei urte nork esango luke izan duen arrakasta izango zuela?

Aspaldi, Quiksilverreko buruetako bat Tahitin izan zen. Hondartzan lo egin behar zuen, ez baitzeukan nora jo. Morroi batek beraren etxean aterpe har zezakeela esan zion, eta bi aste egin zituen haren etxean.

Itzulerako ordua iritsi zenean, Quiksilver izeneko surf enpresa bat zuela eta harekin lan egiteko eskaintza luzatu zion, baina honek ezetz erantzun zion, ez zuela halakorik behar. Baietz esan balu, egun aberatsa izango litzateke, baina garai hartan inork gutxik pentsa zezakeen surfak halako arrakasta izan zezakeenik.

M.A. : Nire ustez ere pixkanaka gero eta gehiago dira va'a egiten dutenak.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

M.A. : Ni Frantziako txapelketarako prestatzen ari naiz. Lemmyrekin ari naiz entrenatzen. Astean zehar 20 kilometro egiten ditut arraunean eta asteburuetan berriz, 30 edo gehiago .

L.L. : Entrenamendu programa bat eman diot eta oso ongi ari da, horrela jarraitzen badu Frantziako onena izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo