Josebe Egia
«Hikikomori»-ak eta «amae»
Hikikomori deritze Japonian munduari bizkarra eman eta beren logeletan bizitzera erretiratzen direnei. Izen hori dute, kolektiboaren existentzia nabarmenduta, herrialdean orokortua den arazo baten adierazgarri. Bi urte, lau... inorekin komunikatu barik, bakarrik. Hikikomori-en %80 gizonak omen dira, hauen gainean egikaritzen den presioa emakumezkoenganakoa baino zorrotzagoa delako, hau da, eurengandik askoz ere arrakasta sozial handiagoa espero delako; horiei laguntzeko sorturiko GKEetako boluntarioak, mundura berriz atera daitezen lehenengo kate-begiak, komunikatzeko gaitasuna sortzen edo berreskuratzen laguntzen dietenak, berriz, emakumezkoak gehienak, «esperientziak frogatu baitu eraginkorragoak direla komunikazioa sustatzeko». Baina, aldi berean, bakartzera bultzatzen dituztenak, neurri handi batean, euren heziketaren erantzuleak, emakumeak dira baita, amak, hain zuzen. Irtetera behartu beharrean, arazoari heldu eta laguntza bilatu barik, janaria pasabidean uzten segitzen dutelako, normaltasuna antzezten dutelako. Japonian zeharo erroturiko filosofiari jarraiki, alegia, ondorengoak izango direla gurasoen zahartzaroan hauen zaintzaile, independizatu ez eta etxean gelditzeko mainatzen dituztelako. Antza, aitak figurante hutsak dira, duela ez hainbeste urtetako iragan belikoak emozionalki zanpatuak, emaztearen esku utzita ondorengoekiko guztia, zanpaketa hori belaunaldiz belaunaldi transmitituta. Ama-ondorengo harreman horrek ere badu izenik Japonian: amae.
Hori, Japonian ez ezik, mundu osoan dela nagusi esango nuke. Komunikatzeko gaitasuna emakumeok askoz ere garatuago dugulako ustea legea baita, senak gizonak beren barneari dagokionez itxiagoak izatera eramaten dituela bezala, eta emakumeok gure buruaz eta sentimenduez hitz egitea maite dugula, hala nola besterenez kezkatzea eta laguntza ematen saiatzea eutsi ezinezkoa zaigula. Gizon eta emakumeon arteko berezko desberdintasunik nabarmenetarikoa dela finkaturik dago. Eta hala transmititzen jarraitzen da, haurren heziketa, hezkuntza mundua, emakumezkoen bizkarrean utzita, gure ekintza esparru nagusia bihurtuta, emakumeon erreinua.
Egia izan liteke oro har gizonei gehiago kostatzen zaiela barne gatazkak kanporatzea, sentimenduei izena jartzea, eta harreman pertsonaletan blokeatzea kontu orokortu samarra izatea. Eskema horiek ez ditugulako irauli. Komunikazioa ez delako egun batetik bestera bereganatzen; lanketa eta garapena, eskarmentua, behar duelako, eta gizonei txikitatik eskatzen zaizkien ezaugarrien artean, aurrez uste zaizkien lorpenen artean, ez dagoelako barne bizitzari lotutakorik, dena da kanpora begirakoa, banakoaren garapena lehenetsita, artaldeko gidaria izatera bideratua, artaldeari batuta eusteko eginkizun oro, aldiz, emakumezkoen gain utzita, berezkoa ei dugulako amae. Eskema sozialek gizonezko hikikomori emozionalak eragiten jarraitzeari garrantzirik eman barik. Berez horrelakoak garelako uste faltsuan bermatuta.