GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Gipuzkoako finala

Aimar Irigoienek irabazteko arazorik gabe jarraitzen du

Errezildarrak zortzi jasoaldiren tartea kendu zion bigarren postuan sailkatu zen Izeta IV.ari

p038_f01_148x092.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek ez zuen barkatu eta berak jantzi zuen atzo Legorretan jokatu zen Gipuzkoako txapela. Errezildarra nagusi izan zen erabili zituzten hiru harriekin, eta amaieran nahiko garaipen erosoa lortu zuen, bigarrenari zortzi jasoaldi kenduz.

400 ikusle inguru batu ziren Legorretako Harripila kiroldegian finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta lanerako hiru minutu izan zituzten harri bakoitzarekin. 125 kiloko zilindroarekin hasi ziren lanean, eta Aimarrek 31 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean. Izeta IV.ak eta Izeta III.ak, berriz, 28na aldiz, eta Otaegik, 15 aldiz.

Ondoren 112,5 kiloko kubikoa izan zuten, eta hor ere errezildarra nagusi izan zen, harriari 22 altxaldi eman ostean. Izeta IV.ak bat gutxiago eman zion, Izeta III.ak 17 eta Otaegik 12. Azkeneko lana, 100 kiloko bola jasotzea zuten, eta ordurako gauzak nahiko garbi baldin bazeuden ere, Irigoienek harria 26 aldiz jaso zuen, Izeta IV.ak 22 aldiz, Izeta III.ak 23 aldiz, eta azkenik Otaegi gazteak 16 aldiz.

Faboritoa

Aimar Irigoien faboritoak guztira 79 jasoaldi egin zituen, eta 8.950 kilo jaso zituen bizkarrera. Garbi ikusi zen, ezeren okerrik ez duela, urte mordo baterako txapelduna badela. Bigarren Izeta IV.a geratu zen, eta zarauztar gazteak 71 jasoaldi eman zituen, eta guztira 8.062,5 kilo leporatu zituen. Hirugarren postuan Izeta III.ak amaitu zuen, eta aiarrak guztira 7.712,5 kilo jaso zituen, 68 jasoaldi eginda. Azkeneko postuan Otaegi sailkatu zen, atzoko finalean aritu zen gazteena, eta berak denera 43 jasoaldi egin zituen, eta 5.387,5 kilo leporatu zituen. Aimar Irigoienen hurrengo erronkak Euskal Herriko txapelketak izango dira, bai harri txikiekin, eta bai handiekin ere, bietan faborito izango baita.

Emozioa

Aurretik iragartzen zen moduan, emoziorik handiena bigarren posturako izan zen izetatarren artean. Oraingoan Izeta IV.ak aurre hartu zion bere osabari, eta bigarren amaitu zuen.

Gazteena

Atzo aritu ziren lau kirolarien artean gazteena Otaegi izan zen. Aizarnakoak lan oso ona egin zuen, nahiz eta ezin izan zuen azken postutik ihes egin. Denbora izango du aurrera egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo