Aizkora
Unai Otañok garbi utzi zuen zein den Lehen Mailara igotzeko faborito nagusia
J.L.
Otañok, Larrañagak, Telletxeak, Irazuk, Zalduak eta Mugertza II.ak lortu zuten uztailaren 26an Mendaron jokatuko den Gipuzkoako Bigarren Mailako finalean aritzeko txartela.
Goizean Beasainen jokatu zen kanporaketa, eta bertan Irazu izan zen onena. Zizurkildarrak 8 minutu eta 40 segundo behar izan zituen bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozteko. Bigarren Zaldua sailkatu zen 35 segundora, eta hirugarren Mugertza II.a 55 segundora. Hiru hauek lortu zuten finalerako txartela. Hauen atzetik, Lasa, Dorronsoro, Esnaola, Alkizalete II.a eta Eneko Otaño sailkatu ziren.
Arratsaldean, Aian, Unai Otaño izan zen onena. 7 minutu eta 56 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta minutu bat eta 6 segundo kendu zizkion Larrañagari eta 1.38 Telletxeari. Atzetik, Mugertza III.a, Agirre eta Urteaga sailkatu ziren.
Bergara ere aritzekoa zen Aiako saioan, baina ezin izan zuen parte hartu, min hartuta dagoelako. Atzo aritu behar zuen ofizialki lehen aldiz plazan.