Sokatira
Goiherri A taldeak eskura dauka 680 kiloko Euskal Herriko txapela
J.L.
Goiherri A taldeak eskura dauka 680 kiloko txapela. Bi jardunaldiak irabazi ditu Erandioko ekipoak, eta azkenekoan gaizki ibili beharko luke, garaipenik gabe geratzeko.
Herenegun jokatutako saioan, berriro ere garaile atera ziren, eta lehen bi jardunaldietan besteen gainetik daudela erakutsi zuten, pisu honetan, behintzat, eta berdeak txapelik gabe geratzeko ezuste handiren bat gertatu beharko luke azkeneko jardunaldian.
Lehia, ordea, bigarren posturako geratuko da, herenegun Mutrikuk aurre hartu baitzion Gaztedi A taldeari. Lehenengoan alderantziz izan zen, bizkaitarrak gipuzkoarren aurretik geratu baitziren, eta une honetan sailkapen nagusian bi taldeak berdinduta daude. Amaierakoan aurretik geratzen denak lortuko du bigarren postuan amaitzea.
Azkeneko bi postuetan ere gauzak nahikoa erabakita geratu dira. Lehen jardunaldian bezalaxe, Goiherri B Gaztedi B taldearen aurretik geratu zen, eta Erandioko bigarren taldeak laugarren postua segurtatu samartuta utzi zuen. Bi jardunaldi jokatu ostean, Goiherrik 10 puntu ditu, Mutrikuk eta Gaztedik, 9 puntu, Goiherri B taldeak 4 eta Gaztedi B taldeak, berriz, 2 puntu.