ZIENTZIA
Energia nuklearraren berpizkundea
Mikel SUSPERREGI (mikel@carbonica.org)
Argindarra modu garbian sortzea ez da merkea, batez ere gaur egungo egoera ekonomiko larrian. Euroa deuseztatzeko zorian dagoen une hauetan, eta Europar Batasunaren ekonomia «Titanic» baino azkarrago hondoratzen ari denean, badirudi ez dela garaia berotze globalaz arduratzeko. Ez da lehentasunezko gaia gaur egun.
Dena dela, zorionez munduko estatu askok oraindik beren helburuetan kokatzen dute energia garbia sortzea eta negutegi efektua eragiten duten gasen isuriak murriztea. Energia garbia esaten dudanean, energia berriztagarriez eta energia nuklearraz ari naiz. Hauek dira berotze globala areagotzen ez duten energia mota bakarrak. Erregai fosilak ez direnak, hain zuzen.
Energia nuklearra ez da guztiz «garbia» beste zentzuetan, baina utz dezagun hondakinen gaia alde batera. Negutegi efektuari dagokionez, energia nuklearra garbia da.
Azken urteotan bazirudien lehentasuna bihurtuko zela energia nuklearra, erregai fosilak ordezkatzeko eta argindar merkea sortzeko alternatiba gisa. Eta bat-batean Japoniakoa gertatu zen. Iritzi publikoaren aldetik, energia nuklearra garatzeko oztopo izugarria izan zen iazko Fukushimako istripua. Oztopo erraldoia esan daiteke, oraindik gure psikologian oso bizirik jarraitzen dutelako energia nuklearraren mamuek: gerra hotza, holokausto nuklearraren mehatxua, Txernobyl, eta abar. Horiek denak iragan gertuko gauzak dira, eta ez erraz ahantziak.
Momentu hartan sortu zen erradiazio arazoak Japoniako ipar-ekialdea mehatxatzen zuen, eta mundu osoan jabetu ginen energia nuklearra ez dela arazorik edo arriskurik gabekoa. Hori ezin da ukatu.
Energia nuklearraren berpizkundea ez da erraza izango, batez ere iritzi publikoa kontrakoa den bitartean, baina nire iritziz nahitaezkoa izango da. Ekonomikoki eta praktikoki ez dugu beste aukerarik. Berotze globalari aurka egin eta aldi berean argindarra merke sortzeko beharra dugu, eta honek gure parametroak guztiz baldintzatzen ditu argindarraren eskaerak gorantz egingo duelako.
Japoniak ere berpizkunde hori bizi beharko du, Fukushimaren traumaren memoriak baretzean. Izan ere, energia nuklearrik gabe, bere beharrak asetzeko gas eta erregai fosilak inportatu beharko ditu, eta horrek menpekotasunak sortuko ditu. Epe luzean, estatuek energiaren autonomiarik ez badute, ez dute burujabetzarik.
Asteartean energiaren erreformako lege proiektua aurkeztu zen Erresuma Batuan. Horren arabera, datozen hamar urteetan 125.000 miloi libra gastatuko ditu gobernu britainiarrak energia nuklearra eta berriztagarriak garatzeko beharrak asetzeko, eta Europako beste estatuek modu berean jokatu beharko lukete.
Energia nuklearraren benetako kostu ekonomikoa handia izanik, eta egungo egoera ekonomikoa ahula denez, sektore pribatuarentzat epe luzeko inbertsio handiak egitea ez da erraza, aintzat hartuz gainera hondakin nuklearrak garestiak direla. Beraz, epe luzean denontzat argindar merke eta garbia lortzeko, sektore publikoaren diru laguntzen bidez garatu beharko da energia nuklearra.