GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arartekoengana joko dute alkateek, Olatzagutiko errauste planta dela-eta

Sakana, Goierri eta Lautadako alkateek jakinarazi dutenez, Nafarroako eta EAEko arartekoengana joko dute, Olatzagutian zaborrak errausteko asmoaren kontra. Nafarroako Gobernuak herritarren iritzia kontuan izan gabe lanak hasteko baimena emango duela salatu zuten.

p017_f02_148x108.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Hondakinak errausteko Olatzagutian ezarri nahian dabiltzan egitasmoaren kontra Nafarroako eta EAEko arartekoengana joko dutela iragarri zuten atzo Iruñean Sakana, Goierri eta Lautadako alkateek. «Nafarroako Gobernuak erraustegia ezarri nahi du gure eskualdeetako herritarron iritzia kontuan hartu gabe, eta erraustegiak berak sortuko lituzkeen kalteak aintzat hartu gabe», esan zuten Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakakaikoak eta Olatzagutiko Gurutze Rodriguezek.

Hauekin batera, Ormaiztegiko alkate Rosa Maria Urkia, Segurako Eluska Gerriko, Aguraingo Maider Garcia de Vicuña eta Asparrenako Diego Gastañares izan ziren agerraldian. Guztiak Bildukoak dira.

Guztiek salatu zutenez, joan den astean Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek Olatzagutiko errauste planta lehenbailehen abian jartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onartu zuen, bertako udalaren autonomia zapuztuz eta eskualde hauetako herritarren iritzia kontuan hartu gabe.

«Roberto Jimenezi berari ohartarazi nahi diogu PSNren azken biltzarrean onartutako ponentzian erabaki zutela hondakinak kudeatzeko erraustegiak ez direla erabili behar. Nola da posible erraustegien aurka omen dagoen PSNk Olaztiko erraustegia nola edo hala bultzatzea eta gure biztanleei inposatzea?», galdetu zuten eskualde hauetako alkateek.

Kritikak Portland-i

Portland enpresarentzat ere hitz gogorrak izan zituzten. «Enpresak behin eta berriro lanpostuak ez galtzeko aitzakia jartzen du errauste plantaren beharra azpimarratzeko. Portland enpresari urteotan, aldiz, berdin izan zaio lanpostuak galtzea, horretarako inolako neurri eraginkorrik ez baitu hartu oraindainokoan. Ikerkuntzan eta berrikuntzan inbertsiorik ez egin izana onartzen duen enpresa batez ari gara; erraustegia martxan jarrita ere, egun, lanpostuen jarraipenik ziurtatzen ez duen enpresa. Zoritxarrez, enpresa honen politika irabazi ekonomiko soil eta hutsetan oinarritzen da», nabarmendu zuten.

Bestalde, errauste planta eskualde hauetako herrien garapenerako kaltegarria izango zela ohartarazi zuten, nekazaritzan, abeltzaintzan eta turismoan oinarritzen direlako. Errauste sistema osasunerako ere kaltegarria dela ohartarazi zuten.

roberto jimenezi

Roberto Jimenezi galdetu zioten PSNren Biltzarrean hondakinak erraustearen kontrako zuzenketa bat onartu bazuten, zer dela-eta onartzen duen Nafarroako Gobernuak Olatzagutiko egitasmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo