GARA > Idatzia > Ekonomia

Legebiltzarrerako hautagaien iritzia jasoko dute Europako aurrekontu itunaz

Zor publikoaren herri-ikuskaritzaren aldeko kolektiboak Europan orokortu nahi den zorroztasun ekonomikoaren aurkako kanpaina abiatu du. Legebiltzarrerako bozaldietan hautagai izango direnak interpelatuko ditu, aurrekontu itunaz duten iritzia eman dezaten.

Ainize BUTRON | BAIONA

Krisiari aurre egiteko, Europan orokortu nahi den zorroztasun ekonomikoari begira, zor publikoaren herri ikuskaritzaren aldeko kolektiboak «alternatibarik» badela ohartarazi nahi du. Estatuei zorroztasun hori inposatuko liekeen aurrekontu ituna onartzekotan dira 2013ko urtarrilean; beraz, kolektiboak alternatiba horiek zeintzuk diren, eta zorroztasunak maila sozialean zein ondorio izanen dituen azaldu nahi die herritarrei. Kanpainaren lehen fasean Lapurdiko kostaldean bilkura publikoak eginak ditu, zorra zer den eta nondik datorren jakinarazteko. Bigarren faseari ekingo diote datorren irailetik goiti, aurrekontu ituna zer den eta horri egiazko alternatibak ematen ahal zaizkiola erakusteko. Alta, Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan bete-betean izanik, zorraren gaia kanpainako gai nagusien artean barnatzea erabaki dute hautagaien iritzia biltzeko.

Erreferenduma

Galdeketa bat bidali diete hautagai guztiei, aurrekontuaren itunari buruz zein iritzi duten, gai horretan zer inplikazio ukaiteko asmoa duten eta erreferendumari buruz zer iritzi duten galdetuz. «Hautagai guztien iritzia publiko eginen dugu», esan zuen kolektiboak. «Itun horrek ondorio larriak izanen ditu bai gizarte bai ekonomia arloan, diru-laguntzen truke, Europak murrizketak egitea inposatuko baitie estatuei», argitu zuen.

Kolektiboaren aburuz, zorra ez da zilegi, eta lekuko egiturei zein estatuei hori ez ordaintzeko eskatzen die. Zorraren ordainketan luzamendua finkatzea eta ituna indarrean jartzeko estatuetan erreferendumak antolatzea aldarrikatzen du. Irailean bilkura publikoak behartuko dituzte.

Udalak

Kolektiboak zor publikoari buruz itaundu ditu lekuko herriko etxeak. Orotara 39 udalekin jarri dira harremanetan. Gutunari erantzun dion bakarra Angelu izan da, eta positiboki gainera, zorraren gaia herri kontseiluan jorratu baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo