GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Konpainia noblean

 

Sakelakoarekin eginiko argazki txar horietakoa da; hainbat lagun, kuadrilla handiak ageri ohi diren posturan. Argazkia ez litzateke apartekoa, haien artean preso politikoak eta PPkoak nahasita ez baleude. Sua eta gasolina. Protagonistak ere ez dira nornahi. Batetik, PPra salto egin zuen pilotaria, gantxoaren erregea, Titin. Bestetik, Arnaldo Otegi, ezker abertzaleak aspaldian izan duen lider karismatikoena, ezustean politikarien artean «los vascos y las vascas» formula modan jarri zuena. «No nacimos para resistir, nacimos para vencer», eta abar. Bi izar.

Twiterren bidez argazkia zabaldu orduko, halakoetan gertatzen dena gertatu zen; batzuek umorez hartu zuten eta besteak oilaloken gisan kukurrukuka jarri ziren. Bereziki Espainian. Lotsagarri deritzote euskal preso politiko artean agertzeari, are gehiago presoa Otegi bada. Gogoratu Ertzainen pilota haiek, "Otegui H.P.". Otegirekiko gorrotoa, ia Mola jeneralarekiko maitasuna bezain zaharra da Espainia aldean. Sekulakoa eta sekularra.

Baina Bruselatik datozen albisteak irakurrita, baten batek pentsa zezakeen, dagoeneko, ezkutuan eta lotsatuta ibiltzeko arrazoiak dauzkatenak ez direla Otegi eta konpainia, PPko lukurreroak baizik. Historiako eskandalu barregarrienaren erdi-erdian egon dira oraintsu, Bankia izeneko estafa handi hartan. PPkoak, ez Otegi. Ongi eta zuzen azaltzen du Espainia zer den, argazki ditxosozko horretan besteak kirasten dituena Otegi dela ebazteak. Zeren Otegi kartzelan dago, eta besteak, PPkoak, kalean.

Eta zuloa handitzen jarraituko dute, geurea eta espainiarrena, kazetariek Otegi iraintzen segitzen duten bitartean. Eskerrak eman beharko lizkioke pilotariak Otegiri, aspaldiko konpainiarik nobleena aurkitu du argazki batean bere burua zuritu dezan. Ez horregatik...