GARA > Idatzia > Kultura

«Henry Bengoa Inventarium», 25 urteren ostean taula gainean berriz

p048_f02_89x104.jpg

KAZETA.INFO | HENDAIA

Maiatzaren 31n «Henry Bengoa Inventarium» ikuskizun poetikoa eskainiko dute Hendaiako Varietes antzokian 20.30ean. Duela 25 urte, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde idazleek eta Ruper Ordorika eta De La Casa anaia musikariek osatutako obrak harrera ona ukan zuen, lehenetako aldia baitzen horrelako proposamen artistiko bat egiten zitzaiola publikoari, baina maila poetikoak ere ardura bazuen arrakastan. Ipar Euskal Herrian estreinako aldia izanen du obrak eta Hendaiako aretoa 300 lagunentzat mugatua denez, ekimena antolatzen duen Mugati elkartearen webgunearen bitartez izena ematea aholkatu dute.

Bestalde, «Henry Bengoa Inventarium» berriz ere oholtzara eramanen dela-eta, Pamiela argitaletxeak berriro argitaratuko du Bernardo Atxagaren testu horrekin egindako liburuxka, agorturik baitzen. Horretaz gain, hil bukaeran aurkeztuko den olerki honen gehigarri gisa, Bernando Atxagaren testu berri bat irakurriko dute, 15 bat minutuko iraupena izango duena.

25 urte dituen obraren antzezpen berriak aldaketa bat izanen du. Idazle eta irakurleak berberak izanen badira ere, oraingoan Xabi Strubell hondarribiarra arduratuko da musikaz Ruper Ordorikaren ordez. «Ordorikak zalantzak izan zituen. Kezkak zituen Alberto eta Nando De La Calle anaiak musika utzi zutelako eta musika hark oraindik gorputzik ba ote duen zalantza zuen», zehaztu zuen Hendaiako elkarte euskaltzaleko Hasier Etxeberria kideak.

«Henry Bengoa Inventarium» jendearen aitzinean irakurtzeko pentsaturik izan den olerki ekitaldi bat da. Sorkuntza aitzindaria izan zen, garai hartan ez baitzen halakorik egiten. «Komediak ez zuen jendea biltzen», gaineratu zuen Etxeberriak, baina ez zen hala gertatu euskal sorkuntzarentzat. Haatik, berritasuna ez zen emanaldi literarioak zuen ezaugarri erakargarri bakarra, «nekez aurkituko da euskal letretan eta ingurukoetan `Henry Bengoa Inventarium'-ek dakarren edertasun eta gozamenik», loriatu zuten Mugatiko kideek.

Sinopsia

Henry Bengoa Alemaniako Hanburgora joan da. Luzaraz gutunak idazten zituen haren lagunei berrien emateko, baina aspaldi ez du idatzi. Horretaz arranguraturik, Henryren lagunek bere bila joatea erabakiko dute. Europa zeharkatu ondoren Hanburgoko ostatu bateko gelan haren lehen arrastoak aurkituko dituzte (metroko txartela...). Bengoaren aztarnen inbentarioa eginez, haren ibileren berreraikitzearen lekuko bilakatzen da publikoa.

«Detektibe batek bezala, bakoitzaren ahalaren arabera, publikoak `Henry Bengoa Inventarium' osatzen du. Bengoaren puzzlearen eraikitzean parte hartzen du», gaineratu zuen Mugatiko kide Arritsu Bakarzabalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo