GARA > Idatzia > Kultura

Lauaxetaren gabardinak zaindua dator aurtengo Literaturia

Larrabetzuk eta Donostiak hartuko duten aurtengo Literaturia jaialdiak Estepan Urkiaga «Lauaxeta» omenduko du musika, antzerkia, pintura eta literatura bera uztartuz. Kultura adierazpen guztietako hamaika eragilek hartuko dute parte laugarren edizioa honetan.
p049_f01_149x105.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Kafe Antzokia izan zen letren inguruko Literaturia jaialdiaren antolatzaileek aurtengo egitaraua aurkezteko haututako lekua. Bertan, antolakuntzan parte hartu duten zenbait talderen ordezkariek ekainaren lehenengo asteburuan Larrabetzu hartuko duen jaialdiaren gaineko xehetasunen berri eman zuten. Letrak ez ezik, aurtengo Literaturiaren egitarauak musika, bideoa, pintura eta antzerkia ere ekarriko ditu. Ekitaldiak Larrabetzun gauzatuko badira ere, Euskal Herriko hainbat argitaletxek Donostian aurkeztuko dituzte beren nobedadeak.

Estepan Urkiaga «Lauaxeta» hil zuten 75. urteurrena gogoraziko dute. Izan ere, jaialdia iragartzeko afixan poetak atxilotu zuten unean jantzita zeraman gabardina agertzen zaigu, orain arte gordeta egon dena.

Larrabetzuko plaza, eskola, Hori Bai gaztetxea zein herriko tabernak ditugu jaialdiaren agerlekuak.

Egitarau zabala

Maiatzaren 28an, 29an eta 31n, Susa, Txalaparta, Elkar eta Utriusque Vasconiae argitaletxeek Donostian aurkeztuko dituzte beren nobedadeak, eta asteburuan bertan (ekainaren 1ean, 2an eta 3an) Larrabetzuko plaza hartu ohi duen liburu azokan jendearen eskura egongo direlarik. Aurreko edizioetan egon diren argitaletxeekin batera, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) ere bere saltokia ipiniko du. Horren harira, Elkartearen presidentea Josu Camarak eskertu zuen aurten antzerkiari zabaldutako txokoa, ekainaren 2an antzezpen bi izango direlarik: Kukubiltxoren azken lana, «Leihotik mundura» eta Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak ekarriko duten «Xentimorik gabe» lana.

Musika ere plazaratuko da bi ikuskizunen bidez: ekainaren 1ean, 22.00etan, plazan, hamaika musikarik zein idazlek hartuko dute parte «Lauaxeta: Poeta ez zuten fusilatu» ikuskarian. Larunbatean, berriz, 23.00etan, Hori Bai-n, Ezkerraldeko EH3 kolektiboak (Norte Apache eta 123 Krewko partaideekin) Koldo Izagirreren «Teilatuko lizarra» liburuko bost testu oinarri dituen ikuskizuna azalduko du.

Hiru mahai-inguru egongo dira: maiatzaren 31n, Durangoko Azokak antolatutako Askarako gogoeta zikloa abiatuko da; ekainaren 2an, irakurle taldeak irakurtzen dugunaren gainean mintzatuko dira; ekainaren 3an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) antolatutakoan, itzulpen prozesu osoa aztertuko dute. Poesia errezitaldiak eta umeentzako antzerkia ez dira faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo