Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren oroimena
Zerk egiten dio ihes negatibitatearen menderakuntzari? Dena erabiltzen da merkatuaren menderakuntzan. Politika, kultura, ekonomia... Merkatuak dena menderatzen du eta haren morroi gara merkatua existitzen den bitartean. Ba ote da bizitzarik merkaturik gabe? Zibilizazio industrialean dena erabilgarri da eta gauza guztiei atera nahi die etekin sistema merkantilistak. Gauzen ustiaketa, hitzen salmenta, ideien erosketa, gorputzen degradazio osoak ez du etenik. Oroimenari ere mozkina atera, ustiatu merkaturatzeko eta irabaziak lortzeko poltsikoratzeko, lorpen politikoak sustrai ekonomikoan du oinarri, ez baita alderantziz ere. Eurena da guztia. Ansiolitikoen kulturan, antidepresiboen sasoian eta psikoazterketen erregimenean, orainaren inguruko hausnarketa askeak txalogarriak dira eta musikaren ahots esanguratsu baten eskutik badator, bikain. Bere disko berriaren argitalpena dela medio, Benito Lertxundiri entzun eta irakurri dizkiodan iritziak baliogarriak dira. Oroimen askea orainaldia bizitzeko tresnarik izugarriena dela dio. Esperientzia guztiek oroimenean dute hasiera. Kantua, behin eta berriro errepikatzen dugunean, oroimenean txertatzen dugu. Kantuak oroimenik gabe ez dira ezer, ez lirateke izango. Ahotsean du baliorik sentikorrena. Jon Garmendia Txuriak Esne Beltzaren «Astindu» kantuan dioen bezala «Ibilian-ibilian iparra galtzen bada, mendebal edo ekian besarkatuko gara, zorionik ez omen da zeruetan gordea, askatasunak bizitza ematen du ordea». Oroimena ere ibilian egiten da. Sasiak ez direnean komenigarri, hobe moztea. Gure sasiak dira hazkunde teknologikoa, ekonomikoa, merkataritza hazkundea, demokrazia eta politika «jasangarriak». Sasiari azpitik sega.