GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

J. Etxeita. G. Larrañaga, M. Bereziartua | Ikastoletako gurasoak indartzeko talde eragilea

Edozer urrats, ez da «herri urrats»

Iparraldeko lagun batek esan zigun joan den astean, Euskal Herritik harantzago bizi zen bikote bat nola gerturatu zitzaion ikastolara. Zer nahi zuten? Euren haurtxoa ikastolan sartzea. Euskal lurraldera bizitzera etortzea erabaki zuten semea euskalduna izatearen hautua egin zutelako. Eta zertarako aukeratu zuten ikastola? Euren nahi hori bermatzeko. Herri honetan euskal herritar sentituz integratuta bizitzeko. Euren haurra euskalduna senti zedin, euskal gutasuna gauzatzen duen kolektiboan txertatzea erabaki zutelako. Hori horrela izateko, edozein urrats, pedagogikoki kalitatezkoa bada ere, agian ez da gure «herri» urratsa. Horretaz jabetzeko gogoeta beharra badaukagu.

Ikastolak, sortu zirenetik duten zentzua -zentzu guztiak bezalaxe- ez da funtzionamendutik definitzen. Egiten den ekarpenetik definitzen da. Ikastola proiektua zertarako sortu zen eta -gehiago edo gutxiago jabetu arren- orain ere zertarako den, berdin-berdina da: euskaldunak sentitzen laguntzea herri bezala iraunkortzeko.

Ez da bakarrik euskaraz irakastea. Eta ez da kontsentsu kontua. Guraso, irakasle eta ikasleen artean adostutako erabakiari lotutako zerbait. Ez. Arrazoi politikoa da. Hitz larriz idazten den politika. Alderdi politikoetatik harantzago doana. Giza eskubidea delako. Herritar asko eta asko mugitzen dira ikastolaren alde, behin eta berriz, urtea joan eta urtea etorri, Euskal Herriaren bira nazionala eginez. Pirinioen iparraldean Urrats, Bizkaian Ibilaldia jarraituz, Araban Euskaraz eginez, Gipuzkoan Kilometroak luzatuz eta bide guztiak Nafarroan Oinez borobilduz. Beraz, ikastolak, zerbait indartsua badu: herriaren babesa eta bultzada. Askotan modu intuitiboan ematen dena eta bere oinarrizko indar nagusia dena.

Munduko herri guztiek beren identitatea iraunkortzeko hezkuntzaren bidea lantzen dute. Eta hori bermatzeko euren erabaki- eskubideaz baliatzen dira. Horrela ari da herri hau bere eskutik ikastola eramanez.

Zer lortzen da horrela? Gizabanakoa, identifikatzen den kolektiboan kohesionatzea. Ikastolen festetara joaten garenak euskal kolektiboan identifikatzen gara. Euskaldun sentitzen gara. Gutasuna hor gauzatzen dela sentitzen dugu. Eta maite dugu. Dena berdina ez delako. Identitate ezaugarriak, printzipioz ez dira anitzak. Singularrak dira. Bata bestearengandik bereizten gaituenak hain zuzen ere. Hezkuntza sistema guztietan hizkuntza desberdinak sartzen dira, baina, hizkuntza eta gainontzeko identitate ezaugarriak, eta garaian garaiko egokitzapenak, identitateari lotuta egiten dira.

Estatu espainoleko sistemaren eskoletan, espainola irakasteaz gain, frantsesa edo ingelesa ere irakasten dira. Baina ez dute helburutzat eleaniztasunaren izenean frantses edo ingeles kolektiboan identifikatu eta barne kohesioa lortzea. Ez. Espainiar identitate argia dute helburutzat. Baita, ingelesa eta frantsesarekin batera, euskara ematen dutenean ere. Eleanitz bai, baina identitate bakarra: espainola. Eta horren bermerako dute Estatuaren erabaki egitura beren eskutik.

Erabakitzeko eskubide hori da guri indar militarrez kendu zigutena. Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena den honetan, argi gogoratzen dugun bezala, konkistaz konkista gure herriaren erabakitzeko eskubidea da kendu zigutena eta kenduta jarraitzen duena.

Beraz, konkistatzaileena den erabaki egituren sistemak ez du bermatzen gure herriaren iraupena, geure jendea badago ere, eta jator jokatzen badute ere. Ez dagoelako irakasleen borondatean erabakia. Estatuarena delako. Hain zuzen ere, une honetan gure erabaki eskubideak zapaltzen dituztenen esku.

Dena den, argi utzi nahi dugu, txapela kentzekoa eta estrategikoa dela euskal herritar askok egiten duten lana eskola horietan, geurea ez den eskola izan arren. Beraien borondatean oinarrituta euskararekin sendo konprometiturik daude. Hor dago herri urrats izango litzatekeen beste aldaketa bat emateko aukera ederra. Estatuek inposatzen diguten eskola eredua goraipatzeko urteroko festa egin beharrean, zergatik ez bihurtu eskola horietan euskara garatzeko lanean konprometitzen direnen lana aitortu eta eskertzeko eguna?

Bestalde, ezin gara nahastu, alderdien gora-beherak direla medio, hezkuntza politikoki neutroa dela pentsatzearekin. Alderdi politikoek kudeatu arren hezkuntza, haien gainetik lotzen duen oinarrizko egiturapean dagoelako eskola, estatuaren esku. Alderdi politikoen eguneroko gorabeheren gainetik idazten den politika da. Hitz larriz idazten dena: Hezkuntza osoa harrapatzen duen estatuen lege organikoak badaude ere, horrez gain publikoaren titulartasun zuzena dute estatuek. Edozeinek publiko eta pribatu kontzeptuak alboratu nahiak ez du erabakiaren errealitatea ezertarako aldatzen. Horregatik berreskuratu nahi dugu euskal estatua. Orduan, eta orduan bakarrik, hitz egin genezake geure publiko eta pribatuaz.

Iritzi politikoak herritar guztiok ditugu. Askatasun adierazle dira. Herritarrok kolore bateko edo besteko kolektiboak antolatuz alderdi politikoak osatzeko eskubidea dugu. Baina jabetuta gaude herri bezala askatasunez erabili nahi dugun giza eskubidea den erabakia alderdien gainetik dagoen zerbait dela: euskal estatua. Gogoratzen dugu hori beharrezkoa dugula geu izaten jarraitzeko. Ezinezkoa baita gu ezabatu nahi gaituzten estatuei aldarrikatuz geu izaten jarraitzea.

Hori gure eskubidea izateaz gain, gure betebeharra ere bada. Burujabetasuna, hezkuntzari dagokio bereziki, herriaren eta herritarren subjektu izaera indartzean oinarritu beharra daukalako, bere helburua lortu nahi badu. Hor dago gure erantzukizuna.

Beraz, kontura gaitezen erabaki eskubideak ematen digun burujabetasuna bere osotasunean erabiltzearen garrantziaz. Eremu batzuetan bai eta besteetan (hezkuntzan) alboratzen ibili gabe. Hori geure buruari tranpa izugarria ipintzea da. Bere osotasunean ematen ez bada ez dago burujabetzarik. Bitartekorik ez dago. Baimentzen denean, erabakia beste batek du. Euskal herritarrak geure hezkuntza, ikastola bidez gauzatzen gabiltza 1918. urtean erabakia hartu zenetik. Geure erabakia egituratzen duen herritarron titulartasunarekin bermatzen dugu, Espainiak eta Frantziak inposatutako derrigorrezko lege organikoak, herriak nahi duenaren galbahetik pasatzearen oreka zailari etengabe aurre eginez.

Beraz, geure xedea lortzea nondik datorren eta nondik ez, modu inteligentean aukeratu beharra daukagu.

Herri batek eta herritar bakoitzak bere etorkizuna gauzatzeko eskubidea eskutan izatetik dator, ez berea ez duen sisteman kalitatezko euskal zerbitzuak eskaintze hutsetik, hori, besterik ezean, garrantzitsua bada ere. Ingelesa ere kalitatez eskaintzen da une honetan, baina ez dugu ingeles herria iraunkortzeko helbururik.

Europako herri aurreratuen mailan aritzeko, geuk geure burua herri diferentziatu bat bezala tratatu eta Europan horrela aitortua izatetik dator, ez Espainiako eta Frantziako kalitatezko talde bat izatetik, betiere estatu horiek izango liratekeelako herri aurreratuak gure kontura. Kirol edo ekonomia esparruan egunero konprobatzen ari garen bezalaxe. Txapeldun bagara ere, beti espainiar edo frantses bezala aurkezten gaituzte munduaren aurrean. Ikusi, besteak beste, «e» marca España publizitatea.

Euskal herritarrak ia ehun urtean, ikastolarekin apustua egiten ari gara eta horrela jarraituko dugu asmo berdina bizi-indartzen. Hau da, ikastola bidez, euskalduntasunaren iraunkortasuna, lurraldetasun osoan, titulartasunean egituratutako erabakiarekin bermatuz eta maitasunaz harilkatuz osoa.

Ikastola, herri honen indar nagusia dela jabetuz, ibilian gabiltzala lokaztu egiten garela aitortuz, maite dugulako, ozenki esaten dugu: gora ta gora beti «herri urrats» den ikastola, eta bizi bedi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo