Gaizka Azkarate | Arrasateko Herrira
Goazen Leonera!
Preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsa gero eta esparru gehiagotara zabaltzen ari da, horren lekuko dira maiatzaren 19ko «Goazen Plazara!» ekimenak izandako babes zabala eta Euskal Herriko plazetan milaka lagun inguru batzea.
Arrasateko Herriratik eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen parte-hartzeaz egun hau posible egin duzuen eragile guztiei; Krosa antolatu zenuten kirolariak, monitoreak, AGAKOko kideak, bazkaria prestatu zenuten elkarteetakoak, musikariak, txistulariak, dantza- riak, bertsolariak, trikitilariak eta noski, ekimenetara agertu zineten herritarrak ere bai. Azkenean, 8 orduz bete genuen plaza eta preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarria ozen entzun zen Arrasaten.
Halere, espainiar eta frantziar gobernuek, giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituzten erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute. Asteburu honetan arduradunei entzun diegun bezala, helburu politikoak jartzen dizkiote espetxe politikari, behin eta berriro hainbat eragileri baldintza berriak jartzen dizkietelarik espetxe politika aldatzeko.
Herrira ekimenak garbi du ordea, giza eskubideek ezin dutela muga politikorik izan. Giza eskubideak errespetatzeko dira. Horrela, gobernuen jarrera aldatuko duen aktibazioa antolatzen jarraitzea dagokigu herritarrei, espetxe politika diseinatzen duten politikariak behingoz mugitzeko.
Eskubide urraketa horien adibide garbiena gaixotasun larriak dituzten presoak dira. Eta horien artean dugu Iosu Uribetxeberria arrasatearra ere. Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea ez da gizabidezkoa eta euskal jendartearen gehiengo zabal batek behin betiko finkatu nahi duen aro berriari traba nabarmena egiten dio.
Duela aste batzuk Arrasateko Udalak adierazpen bat onartu zuen Iosuren askatasuna eskatuz. Askatasun eskaeraz gain, Leongo espetxeko zuzendariarekin biltzeko asmoz bertara joateko konpromisoa ere hartu zuen, Bildu, Aralar eta EAJren babesarekin.
Herrira bilgunetik, Udalaren konpromisoa positiboki baloratu ostean, martxa herritar bat antolatuko dugu ekainaren 9rako, udal delegazioa laguntzera Leonera joateko. Ondoren, itzuleran, 19.30ean manifestazio bat burutuko dugu Arrasateko kaleetan gaixo larri dauden presoen askatasuna eskatzeko, horien artean Iosu herritarrarena. Gero eta eragile gehiagok eskubide urraketa hauek salatzen dituzten arren, ezinbestekoa da herritarrak ere dinamika hauetan inplikatzea. Dei egiten dizuegu bada, arrasatearroi, ekainaren 9ko ekimenetan parte har dezazuen. Ordura arte!