Balenciaga museoak bilduma berria aurkeztu du, anitzagoa eta osoagoa
Bere erakusketa iraunkorreko bilduma aldatu du Balenciaga museoak. Ezinbestean, ongi egoteko jantziek «deskantsatu» egin behar dutelako ikusgai egon ondotik. Baina bisitariaren esperientzia hobetzeko ere bai. Ibilbide osoagoa eskaintzen du Getariako jostunaren sorkuntzetan barna, anitzagoak dira soinekoen siluetak, eta haren lanaren ezaugarriez gain, irizpideak, eraginak eta modari egindako ekarpen tekniko eta artistikoak azaltzen ditu.
Maider IANTZI | GETARIA
70 jantzi berri ikus daitezke Balenciaga museoan; tartean pieza ospetsuak -Elizabeth Parke Firestonek (munduko pneumatiko konpainia handieneko zuzendariaren emaztea) eta Belgikako Rethy printzesak jantzi zituztenak, adibidez-. Baina Javier Gonzalez de Durana fundazioko zuzendariak nabarmendu bezala, lehendabiziko hamaika hilabeteetan erakutsi duten bildumaren aldean, berri hau ez dago glamourrari edo famatuei hain lotuta, kalitateari eman nahi izan baitiote garrantzia, jostunak zer lan egin zuen azaltzeari, norentzat egin zuen hainbertze begiratu gabe.
Jantziak aurreko bilduman bezala antolatu dituzte, sei aretotan. Lehendabizikoan sartu, eta sortzailearen lanaren lehendabiziko urteetan barneratu ginen. Sarreran, 1912ko emakumezko jantzi bat dago, artile beltzeko bengalinaz egina, gipurezko lepoarekin. Aldatu ez duten bakarretakoa da, duen balioagatik erakusketan mantendu nahi izan dutelako eta mimo handiz zaindu dutenez, hori egitea posible izan delako.
Kimono antzeko bata dotore bat dago ondoan, dohaintzan emana. Denera, museo honen funtsetan 1.300 pieza baino gehiago dituzte, utziak, emanak edo gordailu bidez jasoak. Orain dela ia urtebete museoak bere bidea hasi zuenetik ehun pieza berri jaso dituzte eta hauek erakusketan sartzea aurreikusita egon ez arren, «malgutasun nahikoa» eduki dute txertatu eta eskaintza hobetzeko. Maiatzaren 2an kendu zuten orain arte ikusgai egon den bilduma, eta gaur bertan inauguratuko dute berria. «Aldaketa egiteko denbora tartea gehiegizkoa izan da, eta ez da berriro gertatuko. Etorkizunean, beti egongo dira ikusgai Balenciagaren lanak», agindu zuen Duranak.
Miren Arzalluz erakusketaren arduradunak argitu zuenez, lehendabiziko areto honetako lanek balio historiko handia dute, nahiz eta ez diren sortzailearen urrezko etapakoak. Oraindik hazten ari da, baina dagoeneko materialen kontrasteekin joko ikusgarriak egiten ditu.
Ama izandakoan janzteko
Jantziak dohaintzan eman dituztenetako bat Lopez-Ibor familia da. Bertako alaba museoan izan omen zen berriki eta piezari begira, bere amak beti haurdunaldiaren ondoren janzten zuela kontatu zuen. Hala oroitzen zuen bere ama, jantzi hori soinean eta umeren bat besoetan (ume anitz izan zituen).
Hurrengo aretoa eguneko soinekoena da. Bertan, 1950. urteko jantzi bat ikusi genuen, hagitz estua eta aldaketan harrotua. 60ko hamarkada hasierako berokiak ere bai. Hauek koloretakoak dira, eta hagitz zabalak. Gorputza ia zerbait abstraktu bilakatzen da.
Air France hegazkin konpainiarako diseinatutako uniformeak seinalatu zituen Duranak. «Estatu frantsesak enbaxadoretzat zituen konpainia eta bere azafatak, eta ez zuten zalantzarik egin jostunik onena aukeratzean». Kokteletako jantziak ikusi genituen ondoren, Rachel L. Mellonen berokia tartean. Hurrengo aretoan, gauekoan, anitz apaltzen dira argiak eta horregatik azalpenen fitxak aldatu egin behar izan dituzte, lehenago ez ziren-eta ongi irakurtzen. Orain, ilunaren eta argiaren kontrastearekin, arazoa konpondu dute.
Ezkongaien soinekoen artean, denetik dago: printzesenak diruditenak, eta hagitz estuak eta isats ikaragarri luzekoak.
Azpimarratu zutenez, bilduma berri honetan 1950-60. urteetako soineko gehiago jarri dituzte, hori izan zelako urrezko garaia, eta jostunak egiten zuen lan tekniko zorrotza jarri nahi izan dute agerian, horrek ahalbidetu baitzuen silueta ikusgarri hauek guztiak sortzea.
Orain ia urtebete ateak ireki zituenetik ia 100.000 bisitari hartu ditu museoak. Aste Santuan 4.000 eta Museoen Egunean 500. Antolatutako ekintzek ere harrera ona izan dute eta harro daude. Baina eskaintza hobetzeko lanean segitzen dute.
Ekainean beteko du bere lehendabiziko urtea Balenciaga museoak eta bisitari eta lagunekin ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, didaktikoak zein aisialdikoak. Erakusketa iraunkorraz gain, bertze erakusketa bat irekiko dute ekainaren 16an Aldamar jauregian, udarako ezin aproposagoa: «Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa: XX. mendearen bestelako historia bat».
Bestarako tarterik ere ez da faltako. Bihar bertan, 1930eko hamarkadako festa ospatuko dute, modan oinarritua. Koktel bat emanen dute DJ Makala eta Captain Planet DJ NYC musikariekin, eta soinekorik onena daramanak sari bat irabaziko du: gau bat Getariako Saiaz hotelean. Sarrerak leihatilan eskuratu daitezke 22 euroan.
Ekainaren 7an, museoa inauguratu zuten egun berean, topa eginen dute Gazar txakolinarekin. Gazar txakolinak moda-sortzailearen lana du inspirazio iturri, eta bolumen esanguratsuak lortzeko sortu zuen zeta zurrun eta leunaren izena du. Mondragon Unibertsitatearekin eta Elisava diseinu eskolarekin, tailerrak eginen dituzte eta bi hitzaldi ere izanen dira. M. I.