GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Edorta JIMENEZ ORMAETXEA | Idazlea

Athleticen ibilaldia eta beste

 

Athleticen 2011-2012ko ibilaldia azken urratsera iristekotan delarik, haren zale gehienak zoratu egin direla ematen du. Eta askoren zoramena hain da larria ze, eguneroko bizimodua aldatu egin zaie, halako moduan aldatu ere non besteoi ere aldarazi digute. Diodanaren adibidea da aurtengo Ibilaldia delakoarekin jazo dena. Maiatzaren 27rako iragarrita egonik, atzera egin behar izan dute. Badaezpada ere. Ez zedin zera jazo, Athletic txapeldunaren gabarra egun berean izatea gabarraren jaia eta Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. Athletic ba. Himnoak dioen legez, Euskal Herriaren erakusgarria.

Hala bada, ekainaren hiruan izango da Ibilaldia, Trapagaranen. Gaitz erdi, esan genezake, bai, egun horretan Larrabetzun Literaturia egingo ez balitz. Egin egingo da, ostera, Literaturia. Zera, aurtengo euskarazko liburuen eta diskoen azoka, bide batez Lauaxeta omenduko duena, 75 urte beteko dira-eta faxistek poetari heriotza eman ziotena. Estepan Urkiaga komandante jantziari tiro eginez erail zuten, harekin batera, Lauaxeta olerkaria. Ekainaren 3an Larrabetzun hitzordua eginda eduki dutenetako batzuk, Trapagaranera. Athletic zuri eta gorria zelai orlegian, ikurrina. Long life to Lauaxeta.

Athletic zorretan dago. Lehenik eta behin, 2012ko Ibilaldiarekin. Gogoan izan jairako sortu den kantak dioena -«Maiatzean, meatzean, etorriko al zara? Txikitxoa da bailara, baina sartuko gara»-, zer dela-eta ez den bete azaldu eta ulertarazi behar izango zaiena hara bilduko direnei. Eta horretarako nor hoberik zeuok baino, Athleticeko jokalariok. Zorra kitatu beharra daukazu, Klubak berak daukan lege berean. Onar ezazue euskaltzale orori egiten zaion gonbidapen zabala. Betor Marcelo bera ere, jaia antolatzen ibili direnak «jo eta ke» ibili direla aditzera.

Zorra kitatzeko lana ez zaio horretan amaituko Athletici. Literaturiara ere gonbidatuta daude, edo zaudete. Lekua topatzea ez zaizue gaitz egingo. Gorka Iraizoz atezain estimatuak, nire kasuan behintzat, badaki antza bidea, badauka-eta bere argazkia eskegita hango zenbait lekutan.

Gure eguneroko bizimodua aldatu egin duzue, barkatu zuzen eta artez esatea, 2011-2012ko ibilaldiaren bidez. Egunez egun gure ilusioen lapikoa betetzen eta ametsen zerua izarrez hornitzen joan zarete. Lapikoak gainez egingo du maiatzaren 25eko gauera azken izarra ekarriz gero. Horrexen zain gaituzue zale guztiok, asko eta asko euskaldunak, beste asko munduan barna banatuak. Calderon horretako zelaia ere orlegia izango da. Hori zapaltzean gogoan izan, unetxo batez ez bada ere, guk ezpainetan izango dugun aldarria: Athletic, beti zurekin! Euskaraz. Eta gero gerokoak.

Kopa hori ekarri ez ekarri, ez dugu kolorez aldatuko. Ekarriz gero, garai honen laztasuna leuntzeko ukendua izango da. Ezezkoan, hurrengoan! Batera izan, bestera izan, ekaineko lehenengo asteburuan gurekin gura zaituztegu. Gure hizkuntzari eta gure sormenari zuen presentziaren eta laztanaren bidez aupada ematen. Gu batzuon zaletasuna ulertzen ez duten euskaltzaleek, idazleek, sortzaileek, horiek guztiek ikus dezaten Athleticekin duguna, futbol hutsa barik, beste zerbait dela. Zatozte, nik hemendik zuoi egiten dizuedan aldarri berbera eginez: Aupa Athletic, aupa zuok! Eta ahal duzuela Kopa ekarri, otoi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo