GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilen berriz epaitu duten Txus Martin askatzea premia bizikoa dela berretsi dute

Txus Martinen «berehalako» kaleratzea eskatu zuen atzo Herrirak Bilbon, «bakartze egoera basatiak» eragin dion gaitza sendatu ahal izateko. Araban ere gaixorik dauden presoen aldeko ekimena aurkeztu dute.

p016_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

«Txus Martin preso politikoaren egoera salatzera gatoz, guztiz premiazkoa delako kartzelatik atera eta tratamendu egokia jasotzea». Horren argi mintzatu zen atzo Roberto Noval, Herrira mugimenduko kidea, atzo Bilboko Auzotegiaren aurrean.

Novalen ustetan, «bada garaia presoen afera askatzeko, bada garaia konponbidea denon artean bilatzeko, eta bide horretan, lehendabiziko urratsa gaixo dauden hamalau preso politikoak askatzea litzateke».

Herrira mugimenduaren bozeramailearen ustetan, euskal gizartearentzat «guztiz ulertezina» da Txus Martin eta preso gaixoak kartzelan edukitzea.

Egoera horri aurre egiteko, «indar metaketa izango da gure estrategia, konponbidea eta bakea lortu arte», adierazi zuen Novalek. Estrategia horretan kokatu zituen pasa den urtarrilean Bilbon egindako manifestazio nazional erraldoia eta pasa den asteburuan Euskal Herriko herri guztietan burututako Plazara! ekimena.

Atzoko ekitaldian, adierazpenok egin bitartean, Txus Martinen argazkia «kartzela» baten barruan gordeta egon zen. Prentsaurrekoa bukatzean, performance-a egin zuten, «erizain» batzuek Martinen argazkia hartu, eta anbulantzia batera eramanez. Arratsaldean, presoen aldeko mugimenduak martxa egin zuen Moyua plazatik.

Bitartean, beste epaiketa bat jasan zuen atzo bertan Txus Martinek Madrileko Auzitegi Nazionalean, 1993an jazotako atentatu bategatik, eta 39 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak.

«Konpromizina» Gasteizen

Gasteizen, Arabako preso gai- xoen kaleratzea eskatu zuten, metodo deigarri honekin: «Konpromizina» izeneko botika hartzera dei egin zuten, elkartasunez eta maitasunez osatutako medikamentu bitxia.

«Sendagai honen ahalmenaren erakustaldia egiteko asmoz», datorren ekainaren 9an Gasteizko Bilbo Plazatik, 19.00etan egingo den manifestaldira eta ekainaren 2rako Agurainen antolatu den aldarrikapen egunera» gonbita egin dute.

Jose Angel Biguri (Menagarai), Gotzone Lopez de Luzuriaga (Agurain) eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz) dira gaixorik dauden baina kartzelan jarraitzen duten Arabako hiru preso politikoak.

ERRUGABE

Epaiketa ugari ari da jasaten Txus Martin azkenaldian. Atzo izan zen horietako bat, baina egunean zehar aurreko baten epaia ere argitara atera zen: 1993an Leioan izandako atentatu bat leporatzen zioten, eta oraingoan errugabetzat jo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo