GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Zergatik?

Zein moda arraro gailendu zaigu gurean euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzaren apologia egiten has dadin hainbeste politikari, erakundeetako ordezkari eta intelektual? Eta zergatik, hori esaten dutenean, jartzen dute begia, ardura eta zama euskaldunaren soinean?

Autoan zoaz, A-8 madarikatuan, eguzki galgatan, eta iritsi zara Zarauzko ordainlekura. Hara, begira zein dauden beste aldean zain! Ordaindu duzu, eta jakina, alboratzeko eskatu dizute. Gelditu duzu autoa, leihatila jaitsi eta «arratsalde on» bota duzu, jator. Eta haietako batek: «Buenas tardes, sí. Se trata de un control de alcoholemia. ¿Le importaría soplar aquí con fuerza, de forma constante, hasta que yo le diga vale?». Zuk bueltan: «Claro, cómo no».

Abokatuak galdegin dizu 2009ko martxoaren 22ko manifestazio gatazkatsu hartan, Gasteizen, egon zinen. Aurrean duzu epailea, eta ezkerrera fiskala. «Ez, ez da egia han egon nintzenik. Ordu horretan lantokian izaten naiz beti». Eta itzultzailearen ahotsa aditu duzu segidan: «Dice que no, que es falso que estuviera en la manifestación porque...».

Banketxeko atea gurutzatu duzu eta leihatilara joan zara. Betiko aurpegia, betiko keinua, betiko agurra: «Aupa, ¿cómo va eso?». Eta zuk, betiko erantzuna: «Bueno, como siempre. Lan eta lan, ya sabes. Oye, que quiero...».

Amak ezin du, eta horregatik arduratu zara zeu. Autoa hartu eta amonaren bila joan zara haren etxeraino. Medikuarekin hitzordua du anbulatorioan, 12.30ean. Lotsatu antzera dago, gaztelaniaz ondo moldatzen ez delako eta sendagileak euskaraz ez dakielako. Lasaitu egin duzu, zu ere han egongo zarela gogorarazita. «Baina ez da posible oraindik horrela ibili behar izatea», egin du protesta. Eta zuk ez dakizu zer duen: bere buruarekin ernegatuta dagoen hemengo edo hango minen berri gaztelaniaz emateko adorerik ez duelako, edota kexu den XXI. mendean, Franco hil eta 37 urtera, oraindik medikuarekin bere hizkuntzan egin ezin duelako.

Non da elkarbizitza halakoetan? Zein traba jartzen dio euskaldunak elkarbizitzari? Zergatik gorritu behar du euskaldunak hurkoaren gabezia eta konplexuen erruz? Eta, batez ere, zergatik ez zaio oraindik erremediorik jarri alfabetatu gabeko euskal herritarrak sortzeko indarrean den fabrika horri?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo