GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Gu, sekularrok (II)


Sevillako Isidororen T-O maparik gabe ezingo genituzke 1542an Gerardus Mercatorrek eta 1575 urte inguruan Abraham Orteliusek egindako mapak ulertu. Haietan erabat naturalizaturik agertzen zaigu Isidorok irizpide kristauen arabera irudikaturiko mundua: Europa, fedearen gotorlekua, erdian; haren inguruan, gainerako kontinenteak. Ordutik hona, ezer gutxi aldatu da munduaren mapa. Mugaren bat edo beste aldatu da, baina kokapenari dagokionez kontinenteak «beren» tokian jarraitzen dute.

Gaur egun, baina, ikuspegi sekularraren paradigma balira bezala tratatzen ditugu bai denbora bai espazioa. Normala iruditzen zaigu maparen erdian Europa agertzea; normala ere 2012. urtean aurkitzea. Behin ere ez diogu geure buruari galdetzen noren erabakiz suertatu ziren gauzak horrela. Hori bai, mesfidantza eta, zertarako ukatu, amorrua ere pizten digute espazioa eta denbora ulertzeko bestelako moduek. Hejira eta maien egutegia txantxa moduan hartzen ditugu sinesmen erlijiotsuen eragina jaso eta, ondorioz, zientifikotik ezer gutxi dutelako. Ez gara ohartzen, baina, «sekular» izendapena jasotze hutsagatik zientifiko bihurtu ditugun gure ezagutza sistemetako askok erlijioan dutela oinarri. Izan ere, Walter Mignolok esaten duen bezala, jakintzaren geo-politikaz (jakintza non eta nork sortua den) jabetzeko, dakien hori kuestionatzen hasi behar du norberak, bestelako jakintza sistemak aztertzen eta kritikatzen hasi baino lehen. Tamalez, gure mapak eta egutegiak mundura zabaltzen (uler bedi inposatzen) jarraitzen dugu, munduaz ezer gutxi dakigun arren, sekular sentitzearen itsukeriak eta harrokeriak bultzaturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo