Euskaldun kopuru handia duten herriak babesteko ituna sinatu du Gipuzkoak
Euskaldun kopuru handia duten herriak babesteko eta laguntzeko hitzarmena sinatu zuen atzo Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok UEMArekin eta Kontseiluarekin.
GARA | DONOSTIA
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin eta Kontseiluarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sinadura hauen helburu nagusia honako hau da: euskaldun kopuru handia duten herriak babestea eta laguntzea. Gipuzkoako Aldundiaren izenean Martin Garitano ahaldun nagusiak sinatu zituen bi hitzarmenak; UEMAren izenean, Maren Belastegi presidenteak; eta Kontseiluaren partetik, Paul Bilbao idazkari nagusiak. Ekitaldian Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua ere izan zen.
Martin Garitanok esan zuenez, «Gipuzkoa lurralde euskalduna da eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du herrialdearen errealitate soziolinguistiko horrekin, bai bere hizkuntza jardunetan, bai euskara sustatzeko egindako ekimenetan. Foru Aldundiak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egin nahi du, gure hizkuntzari lehentasuna emanda eta euskaraz bizi ahal izatea bermatuta».
«Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, UEMAk garrantzi handiko eginkizuna betetzen du euskararen normalizazio prozesuan, mankomunitatea osatzen duten herriak arnasguneak direlako gure hizkuntzarentzat. Gainera, euskaraz bizi diren udalerriak onuragarriak dira gure hirientzat , baita Euskal Herri osoarentzat ere, euskara hain zabalduta ez dagoen tokientzat eredu eta arnasa direlako. Babes berezia behar dute, beraz», gaineratu zuen ahaldun nagusiak.
Hitzarmenak jasotzen duenez, Aldundiak laguntza emango dio UEMAri euskara planak garatzeko. Horrez gain, herri erakundeen egitasmoak udalerri euskaldunetako euskararen egoeran izan dezaketen eragina neurtzeko eta balizko kalteak murrizteko, Aldundiak neurri zuzentzaileak proposatuko dituen arau egitasmo bat zehaztuko du, lankidetzan, eta bakoitzak bere eraginpeko esparruetan ezarriko du. Hitzarmen honen ildotik, 59.000 euro emango dizkio Aldundiak UEMAri.
Ildo horretakoa da Kontseiluarekin sinaturiko hitzarmena ere. «Kontseiluarekin batera, dinamika koordinatu bat jarriko dugu abian, arnasguneetako eta euskalgintzako kideen artean, gune horien garrantzia jendarteratzeko, eta arnasgune horiek egituratzeko», adierazi zuen Garitanok. Hitzarmen honen ildotik, 15.000 euro emango dizkio Aldundiak Kontseiluari.
Kontseiluko Paul Bilbaok «Euskaraz bizi nahi dut» erakunde honen dinamikarekin lotu zuen atzo sinaturiko hitzarmena: «Ideia hori eguneroko bizitzan txertatzeko, nahitaezkoak dira arnasguneak».