Iosu Uribetxeberria Leongo espetxea
Patioko «sindromea»
Espetxeetako patioetan urte batzuk harat-honatean daramatzagunok oldozketa komun bat, gutxienez, egin edo ondorioztatuko genukeela egingo nuke apustu: hemen, denok izaten dugu beti zerbait esateko eta inork gutxik izaten du astirik entzuteko. Etengabeko zarata ozen zoro batean bizi beharrak-edo eraginda, norberak ere, ozen hitz eginaz esaldiok «sententzia» punttu batekin jaurtitzen hasten garela esango nuke. Gero, ziegako bakardadean, barne soseguak hausnarketa onuragarriago batera eroaten gaituen arren.
Euskal Herria bizitzen ari den sasoi berriak are gogotsuago irakurtzera garamatza hor kanpoan egosten ari diren zenbait eztabaida mamitsu eta aberatsak. Usuen eskuratzen ditugun GARA eta «Berria» egunkarietan agertzen diren artikulu eta enparauak, hain justu.
Baina nago patioko «sindrome» horrek pittin bat jota ez ote gauden denok. Azken aldiko gaia: (beste zenbaitekin ere halatsu suertatzen da) naziotasuna edota lurraldetasunean koka ditzakegun eztabaidak, interesgarriak oso, behar-beharrezkoak direla deritzot. Publikatzen diren testuen eztabaidak berak aberastu eta janzten gaituela, elikadura politikorako osagai direlarik, bide batez esanda.
Alabaina, nahi barik ala nahita, ez dakit, gai bati buruz agertutako artikuluari ñabardurak edo ezadostasunak idazteko orduan, deskalifikazio edo ironia mingarriak ezartzean, gaiaren beraren mamia lausotzea dakarrelakoan nago, zeren eta erabilitako adjektiboei mingotsa deskribatzen denbora gehiago joaten zaigu, eztabaidaren ibilbide sanoa murriztuz. Eta, beharbada, era lasai eta eraikitzaile batean parte-hartzera lihoakeena gogogabetu.
Esaldi zaharra da: «zenbat buru, hainbat aburu». Nik, lizentzia onartzen badidazue, «uztar daitezke, bakarra bada helburu», erantsiko nioke.